Biltegia 2019ko ekainean aurkitu zuten, Arabako Arraia-Maeztu udalerrian, Atauri kontzejuan. "Biltegi horretan, askotariko lehergailuak, tenporizadoreak eta detonatzaileak aurkitu ziren, besteak beste. Bizilagun batek, paseoan zebilela, aurkitu zuen biltegia", azaldu du Guardia Zibilak.
Era berean, gaineratu du gaur atxilotutakoak Ezpala komandoaren parte izan zirela bere garaian. "2008 eta 2010 artean egon zen aktibo komando hori, eta ETAren Donosti gune-aren parte ziren. 2010ean, gunearen arduradun Ibai Beobideren atxiloketaren eraginez, beste kide batzuek ihes egin zuten, eta horietako bi Frantzian atxilotu zituzten gerora", zehaztu du.
Azkenik, hirugarren atxilotu bat ere egon dela baieztatu du Guardia Zibilak, ohar bidez, eta Imanol Jaio abadiñarra da, Naiz hedabideak zehaztu duenez. Halaber, atxiloketak DGSIrekin –direction générale de la Sécurité intérieure– elkarlanean egin dituztela azpimarratu dute.
Atxilotuak Audientzia Nazionalaren esku utziko dituela jakinarazi dute. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
2017tik aske
2013ko maiatzean atxilotu zuten Arkauz, "ETAko aparatu logistikoko kide izatea" leporatuta. Hainbat urtez Frantziako kartzeletan epaitu gabe egon ostean, 2017an epaitu zuten azkenik, Parisen, Julen Mendizabal eta beste lau presorekin batera. Urte berean geratu zen aske, irailean.