Goizeko atxiloketak salatu ditu EH Bilduk

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 5a, 13:34

Kepa Arkauzen eta Ekhiñe Eizagirreren atxiloketak "garaiz eta lekuz kanpo" daudela uste du EH Bilduk. "Ez dute laguntzen Euskal Herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen".

"ETA erakundeak indarkeria erabiltzeari uko egin zionetik ia 10 urte igaro direnean eta ETA desagertu zenetik ia bi urte bete direnean, gaurko atxiloketek ez dute laguntzen bizikidetza demokratikoa eraikitzen eta herri honetako gehiengo sozial eta politikoak eskatzen duen bake integrala eta behin betikoa lortzen", azaldu du koalizio abertzaleak.

Era berean, Guardia Zibilak eta Auzitegi Nazionalak egindako atxiloketen testuinguru politikoa azpimarratu gura du EH Bilduk. "Zentzu horretan, ezker subiranistak azpimarratu du gaurko atxiloketen bidez eztabaida politikoa baldintzatzeko eta bizikidetzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea saihesteko borondatearekin egin dituela atxiloketa horiek Estatu sakonak. Elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan Euskal Herrian egin daitekeen edozein aurrera pauso baldintzatzeko asmoa dute gaurko atxiloketek. Zoritxarrez, gure herrian ondo ezagutzen ditugu Estatu sakonaren jokatzeko modu hauek. Preso politikoak aske uztea elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzaren beste urrats bat da. Espetxeak husteko unea da, ez betetzekoa. Bakea eta elkarbizitza demokratikoan aurrera egiteko garaia da. Estatuak gure herriaren aurka indarkeria erabiltzeari uko egiteko garaia da".

Hori dela eta, Eizagirreren eta Arkauzen atxiloketak salatzeko deia egin dio "bizikidetza demokratikoan oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera egin nahi duen euskal gizarteari". Ildo horretan, azpimarratu du "etengabe" lan egiten jarraituko duela "beharrezkoa" den esparru guztietan, "behingoz bake integrala eta osoa eta bizikidetza demokratikoa errealitate izan daitezen herri honetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak