Arrasateko Udal Gobernua, Elorregin komuna elkarlanean jartzeko prest

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 13a, 16:58

Udal Gobernuak "lidergoa" hartu nahi du Elorregin komuna jartzeko. Aurrekontu parte hartzaileetatik 115.000 euro bideratu dituzte bidegorrian komunak jartzera, eta Elorregi aukeratu dute horretarako. Jada eskutitz bana bidali diete Oñatiko eta Bergarako alkateei komuna elkarrekin finantzatzea aztertzeko, eta Foru Aldundia ere inplikatzea nahiko lukete.

Udal Gobernuak agerraldia egin du gaur, Elorregin komun publikoa jartzeko duten asmoen berri emateko. 2019ko aurrekontu parte hartzaileetan hiru proiektu izan ziren aukeratuak, eta honako partidak bideratuko zaizkie: Jose Luis Iñarrako jolas parkera  hobetu eta berriztea (100.000 euro), Santa Marina auzoa egokitzea 35.000 euro, eta bidegorrian komun publikoak jartzea 115.000 euro. Azken horrekin lotuta, Maria Ubarretxenak azaldu du Elorregin ikusten dutela behar gehien, batez ere, herritarrek eskatzen dutelako.

Elorregi ingurua konplexua da, Besaideren antz handia duelako. Biribilgunearen bueltan pilatzen dira Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko mugak, eta ez da erreza argi ikustea nori dagokion bertan esku hartzeak egitea.

Irudian ikus daiteke non kokatzen diren Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko mugak, Elorregi inguruan. (Argazkia: Arrasateko Udala)

Oñatik du geltokiaren zatia, Arrasatek biribilgune erdi hartzen du eta Bergararen mugak hortik 10 metrora daude. Guzti hori kontuan izanik, eta hiru herrietako biztanleen eskaria dela jakitun, Ubarretxenak hiru herrien arteko lankidetzan sakondu nahi du eremu horretan komuna jartzeko. Zentzu horretan Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalek elkarlanean jarritako komuna jarri dute adibide gisa.

Oñatiko Udalak 2020ko aurrekontuetan Elorregin komuna jartzeko 20.350 euro ditu; horri buruz galdetuta Ubarretxenak eta Ezkurrak adierazi dute ez zutela horren berririk. 

Arrasateko Udalak komuna jartzeko "lidergoa" hartu nahi duela adierazi dute prentsaurrekoan, eta alkateak azaldu du jada eskutitz bana bidali diela Bergarako eta Oñatiko alkateei, gaiari buruzko batzar bat egiteko, Mankomunitatean. Hiru herrien artean gaia landuta, Ubarretxena ziur dago Diputazioa ere inplikatzea lortuko dutela. Aurreko agintaldian gai honekin lotutako bilera bat egin zuten Aldundiarekin Oñatiko alkate Mikel Biainek eta Maria Ubarretxenak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak