Komuna Elorregin, behar eta eskaera aspalditik

Jone Olabarria 2020ko urt. 10a, 14:04
Pasa den azaroa ezkero aldarri zuzen batekin Elorregin dagoen komuna.

Erabiltzaileen aspaldiko beharra da Elorregiko autobus geltokiko komuna, eta, azken urteetan hainbat eskari egin diren arren, oraingoz ez dute erantzun "zehatzik" izan. Konponbide bila, Oñatiko udalak 2020ko aurrekontuen partida bat bideratu du bertara.

"Aspaldiko beharra eta eskaera" da Elorregin komun bat egitearena. "Herritar askok, bidaia luzeen ostean, Elorregin itxaron behar dute eta komunera joateko beharra izanez gero ez dago aukerarik. Izan ere, batzuek aparkalekuaren atzean dagoen makaldia erabiltzen dute euren beharrak egiteko, dena narras utzita, baina benetako irtenbidea da behar duguna". Horrela adierazi du Elorregiko auzoalkate eta Sanprubus-eko arduradunak, Jon Mujikak.

"2017. urtean jada eskaera bat egin genuen Oñatiko, Bergarako eta Arrasateko udaletan. Orduan, Oñatiko Udaletik Gipuzkoako Foru Aldundira bideratu zuten gaia, baina Aldunditik ez ziguten konponbiderik eman". Sanprubusa zabaldu ostean ere, 2019an, sinadura bilketa bat egin zuten komuna eskatuz.

Bi astean 1.600 bat sinadura batu zituzten, eta sinadura horiek Oñatiko eta Arrasateko udaletara bideratu zituzten: "Lehen kasuan, erantzun formal bat jaso genuen, gaia bideratuko zutela esanez, baina, Arrasateko Udalari dagokionez, idatzizko erantzunik ez dugu jaso. Telefonoz esan zidaten oñatiarrek gehiago erabiltzen dutenez haiei zegokiela komunaren kontua, baina, bestela, ez dugu idatzizko erantzunik izan".

Auzotarren eta erabiltzaileen eskariez gain, pasa den azaroan Komuna noizko? WC ya! lelopean komun bat agertu zen Elorregiko autobus geltokian; ordutik hona bertan mantendu den eskari zuzena, hain zuzen ere.

Oñatiko aurrekontuetan

Pasa den abenduan onartu zituen Oñatiko Udalak 2020. urteko aurrekontuak eta horien baitan 20.350 euroko partida bat Elorregiko komuna eraikitzera bideratu zuten. Udaletik adierazi dutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari dagokio Elorregin komuna jartzea, baina, hainbatean eskaria egin arren, ez soilik legealdi honetan, baita aurrekoan ere, ez dugu erantzun baikorrik jaso".

Arazoari irtenbidea "eman beharra" azpimarratu dute, eta, herritar askoren eskaera izanik, aurtengo aurrekontuen partida bat bertara bideratzea erabaki zen: "Oñatiko Udalaren aurrekontuetatik 20.350 euro Elorregiko komunetara bideratu diren arren, Arrasate eta Bergarako udalekin elkarlanean egin nahiko genuke hau".

Arrasaten elkarlanerako "prest"

Arrasateko Udalean galdetuta, komunaren beharra azpimarratu dute eta elkarlanean aritzeko "prest" daudela azaldu du Anuska Ezkurra Udal gobernuko kideak: "Arrasateko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek eskatutako zerbait da Elorregiko komuna, herriko beste hainbat gunetan bezala. Hortaz, oraindik aztertzeko dago lehentasuna zeri eman behar zaion".

Ezkurrak adierazitakoaren arabera, aurrekontuetako partida bat bideratu dute herriko gune ezberdinetan komunak eraikitzeko, baina oraindik aztertzeko daude beharrak eta horien arabera finkatuko dituzte lehentasunak.

Bergara, mugatik kanpo

Elorregin Bergara, Arrasate eta Oñatiko mugek bat egiten duten arren, autobus geltokia eta aparkalekua hartzen dituen eremua Oñatiren eta Arrasateren lurretan dago, eta Bergara muga horietatik kanpo geratzen da. Gauzak horrela, Bergarako Hirigintza Sailak azaldu duenaren arabera, ez du Elorregiko komunen eraikuntzan parte hartzea aurreikusten, Arrasateko eta Oñatiko lurretan dagoelako.

Dena den, hiru udaletatik gogorarazi dute Elorregiko komunen eraikuntza eta mantentzea Gipuzkoako Foru Aldundiak egin beharreko lana dela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak