Auzitegiak osorik baztertu du Ordainduk planteatutako errekurtsoa eta Bergarako 1 zenbakiko Epaitegiaren epaian hautemandako preskripzioa baieztatu du. Auzitegiaren epaia preskripzioan oinarritu bada ere, argudiaketan aipatzen du "auzi jartzaileek aurrez kooperatibaren finantza egoerari buruzko informazioa zutela".
2018ko uztailaren 27an Bergarako lehen zenbakiko epaitegiak atzera bota zuen Ordaindu/Eskurako elkarteek Mondragon korporazioaren aurkako auzi eskea. Urte bereko irailaren 7an erabaki zuten Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kideek helegitea aurkeztea eta gaur eman da jakitera Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren epaia.
Ordainduk eta Eskuratuk Auzitegi Nagusian errekurtsoa aurkeztu ala ez erabakiko dute datozen batzarretan
Mondragonen alde egin du Lurralde Auzitegiak engainurik ez zela egon esanez. Mondragon epaiarekin "pozik" azaldu da; Ordainduk eta Eskuratuk, aldiz, epaitegien "sentsibilitate falta" erakusten duela esan dute. Gainera, elkarteek jakitera eman dutenez, datozen egunetan egingo dituzten batzarretan erabakiko dute Auzitegi Nagusian errekurtsoa aurkeztu ala ez.
Mondragonen balorazioa
Mondragonek "oso positiboki" baloratu du epai berria, "hasieratik defendatutako argudioak berretsi" direlako eta honako hau adierazi du: "Mondragonek ez zituen auzi jartzaileak engainatu, kooperatibak autonomoak eta burujabeak direlako eta beraien ardura, etorkizuneko erabakiak hartzea delako, beste inoren eragina izan gabe".
Ordaindu eta Eskuraturen balorazioa
Atsekabetuta agertu dira Ordaindu eta Eskuratu epaia jakin ostean eta "ezinegona eta haserrea" adierazi dute. Esan dutenez, Mondragon Taldeak "engainatu" duen kolektibo batekiko "sentsibilitate eza" erakutsi dute epaitegiek: "Mondragon Korporazioagatik dena eman genuen guztiok, eta orain botata utzi gaitu, sistema judizialaren babesarekin: gure aurrezkiak bi enpresetan mantentzeko engainatu gintuzten, eta bien bitartean zuzendariek beraien inbertsioak atera zituzten inolako oztoporik gabe", salatu dute bi elkarteek.
Ordaindu eta Eskuratuko kideek datozen egunetan egingo dituzten batzarretan erabakiko dute Auzitegi Nagusian errekurtsoa aurkeztea nahi duten edo ez. Horrekin lotuta, elkarteetako zuzendaritzek azpimarratu dute Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren epaiak "kontraesan nabarmenak" dituela eta "ekintza judiziala preskribatuta ez zegoela baieztatzen duen dokumentazio guztia baztertu duela".