Bergarako lehen zenbakiko epaitegiak uztailaren 27an eman zuen Ordaindu/Eskuratuko elkarteek Mondragon Taldearen aurka bultzatutako auzi eskeari buruzko epaia: atzera bota zuen, oso-osorik, demanda preskribatuta zegoela ebatzita. Eta horren aurrean, Ordaindu eta Eskuratu elkartekoek gaur bozkatu dute Gipuzkoako Lurralde Auzitegian helegitea jartzea, arrazoi nagusi hau kontuan hartuta: "Epaileak ez du kontuan hartu mamia eta guk pentsatzen dugu kooperatibagintzatik eta etika arlotik arrazoi guztia dugula eta onartezina dela Mondragon Taldeak daukan postura. Pentsatzen dugu baita ere etika eta justizia eskutik joan behar direla eta etikoki justua dena, justiziak ere baieztatu beharko lukeela", azaldu du Ordaindu elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Mikel Olabek.
Behin helegitea aurkezteko erabakia bozkatu eta onartu ostean, hauxe da jarraituko duten bidea, Olaberen hitzetan: “Gure abokatuek gertatuko dute errekurtsoa eta aurkeztuko dute Audientzia Probintzialera. Gero, hango mahai batek hartuko du erabakia. Gutxi gorabehera esaten dute sei hilabetetik urtebetera egongo litzatekeela epaia”.
Bost urtez, euren helburua bete nahian dihardute borrokan Ordaindu eta Eskuratu elkarteetan dauden 900 lagunek, eta diote "indarrez" daudela oraindik aurrera egiteko: “Gu indarrez gogor gaude, dakigulako arrazoia daukagula. Barne indarra izugarria da eta pentsatzen dugu nahiz eta epaiketa irabazi edo ez, arrazoia daukagula, etika justiziaren gainetik dago beti-eta”.