Mondragon auziko apelazioaren epaia: berriro berdin

"Ikusiko dugu Lurralde Auzitegiak mamira egiten duen, ala, litekeena den moduan, berriro ere, meloia zabaltzeke lagatzen duen". Duela urtebete, Bergarako Lehen Auzialdiko 3 zenbakidun epaitegiak Mondragon auzian epaia eman zuenean, bi puntu iragarri genituen: bata, ziur aski helegitea egongo zela, eta bigarrena, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, preskripzioari eutsi, eta mamiari heldu barik ebatziko zuela. Bi puxtarri, bietan asmatu genuen.

Helegitea ezetsi eta Bergarako epaia bete-betean berretsi

Fagorreko bazkide izandako 903 pertsonen erreklamazioa biltzen zuen alderdi auzi-jartzaileak, Bergarako epaiarekin konforme ez, eta helegitea jarri zuen Gipuzkoako Probintzi Auzitegian. Ondoren, Auzitegiko Bigarren Sekzioak urte bete, bost magistratu eta 68 orriko epaia behar izan ditu Bergarakoaren antzeko ondoriora iristeko: Fagorreko langileek kontratuz kanpoko erantzukizunean oinarritutako demanda, kaltea jaso eta urte bete baino beranduago aurkeztu zutela epaitegian, eta beraz, legeak jartzen duen urte beteko epea gaindituta, auzia preskribatuta zegoela. Eta preskribatuta dagoenez, auzia zuzenean ezetsi egiten dela eta beraz, epaiak ez duela mamia aztertzen.

Kaleko agerraldiek ez zuten preskripzio epea eten

Fagorreko abokatua, Bergarako juizioaren azken ondorioetan egin zuen bezala, saiatu da apelazio helegitean argudiatzen preskripzio epe hori eten egin zela kaltetuen plataformak kalean egin zituzten mobilizazio, pankarta eta manifestazio bitartez. Probintzi Auzitegiak baina, baztertu egiten du argudio hori, horretarako zenbait arrazoi emanez: adierazten du agerraldi horiek, batez ere hasieran, lan arloko mobilizazioak zirela, ez kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aldarrikatzeko agerraldiak. Eransten du ez dela zehaztu agerraldi horiek zeintzuk ziren, abiatu zituztenak auzi-jartzaileak ziren zehatz-mehatz, eta horien hartzailea Mondragon Taldea ote zen preskripzioa eteteko helburuarekin. Dio Probintzia Auzitegiak, zuzenbidean preskripzioa apurtu ahal izateko, zehaztu bariko agerraldi batzuk baino, komunikazio zehatzak behar direla, eta beraz ez du onartzen preskripzioa puskatu zenik ekintza horiekin.

Kostak ere erdi bana

Bigarren puntu garrantzitsu batean ere berresten du epaiak Lehen Auzialdiko ebazpena: juizioaren kostak ez dizkio alderdi galtzaileari leporatzen, azterketa juridiko bat behar izan dela irizten baitio preskripzioa noiztik hasi behar zen kontatzen ebazteko. Beraz, azterketa hori beharrezko izan denez, Auzitegiak ez du ondorioztatzen ausarkeriarik egon zenik auzia jartzerakoan, eta ez du auzibidearen kostuak ordaintzeko kondenarik egiten, azpimarratzeko puntua kontutan baldin badaukagu auziaren munta 47 milioitik gorakoa dela, eta kostuak muntaren araberakoak izaten direla.

Engainurik egon zen? Zabarkeriarik egon zen?

Probintzia Auzitegiaren epaiaren ostean, Ikusteke eta erabakitzeke geratu da, berriro ere, auziaren benetako mamia, hain zuzen Fagorreko auzi-jartzaileen erreklamazioaren muina eta zergatia: Mondragon Taldeak engainuz edo zabarkeriaz jokatu ote zuen Fagorreko bazkideekiko, hauek beraien aurrezkiak bat ere arriskurik ez zeukatela sinets zezaten. Atzera ere, meloia zabaltzeke geratu da… ez bada Fagorreko auzi-jartzaileak Madrileko Auzitegi Gorenaren aurrean jar dezaken balizko errekurtso batek kontrakoa ikusten ez badu. Oraingoan ere ausartuko gara iragarlearena egiten: nekeza. Hortaz, litekeena da auzia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ebatzi moduan geratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak