Ospitalean atxilotuta jarraitzen du 17 urteko emakumeak, jaioberriaren heriotzaren harira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mar. 4a, 16:02

Ertzaintzaren arabera, Debagoieneko ospitalean jarraitzen du domeka arratsaldetik atxilotuta dagoen 17 urteko emakumeak, Galizia kalean hilik agertu zen ume jaioberriaren harira. GOIENA Galizia kalean izan da gaur ere, eta bizilagunen artean harridura eta sorpresa dira nagusi; gehienek ez zuten inondik inora espero halakorik euren etxetik horren gertu gerta zitekeenik. Ikerketak zabalik jarraitzen du.

Arrasateko Santa Teresa auzoko bizilagunak domeka eguerdiko gertaera ezin sinetsi daude oraindik, halakorik etxetik horren gertu gertatuko zenik ez zutelako inondik inora espero.

Atzo ere harridura eta kezka ziren nagusi, Ertzaintza ikerketa betean zegoela, anbulantzia heldu aurretik bertan zegoen bizilagun batek kontatutakoaren arabera: "[Domeka] goizean, iratzartu bezain laster ertzainak kalean zebiltzala ikusi dut. Lehenik eta behin, anbulantzia ikusi dugu eta gero ertzainak heldu dira. Auto baten azpian haur bat zegoela entzun dugu, eta erreanimatzen saiatu direla. Ikertzen ari dira ea inguruan haurdun zegoen emakume bat dagoen edo bertako norbait izan zitekeen. Asaldatuta dago auzoa, hau ez delako normala, eta auzoa hunkituta dago". 

Konfirmazio ofizialik ez oraindik

Esandako moduan, Ertzaintzak oraindik ez du zehaztu atxilotutako 17 urteko emakumea hilik agertu zen jaioberriaren ama denik. Hain zuzen, domeka arratsalde osoan zehar aritu ziren ertzainak ikerketa lanetan, auzotarrak elkarrizketatzen eta hatz markak jasotzen. Hatz markak eta bestelako aztarnak Galiziako zortzigarren zenbakian hartu zituzten bereziki.

Gogora ekarri behar da neskato jaioberriaren gorpua, plazenta eta guzti, domeka eguerdian aurkitu zutela, Santa Marina auzoko gizon batek abisua eman ostean. Arratsaldeko lauak aldera eta epailearen baimena jaso ostean altxatu eta eraman zuten jaioberriaren gorpua.

Ertzaintzatik adierazi dutenez, oraingoz ez dute informazio gehiagorik emango ikerketak zabalik jarraitzen duelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak