Jaioberri bat hilda agertu da auto baten inguruan, Arrasateko Galizia kalean

Josu Bilbao Atxutegi 2019ko mar. 3a, 13:35

Arrasateko Galizia kalean agertu da haurra hilik, auto baten inguruan. 12:00ak inguruan eman du abisua auzotar batek, eta Ertzaintzak dagoeneko emakume bat atxilotu du gertaerarekin lotuta. Ikerketak, hala ere, abian jarraitzen du.

GOIENAri konfirmatu egin dio Ertzaintzak haur jaioberri bat hilda agertu dela Arrasateko Galizia kalean, eta dagoeneko emakume bat atxilotu egin duela, gertaerarekin loturik. Emakumea, ospitaleratu egin dute, eta bertan dago atxiloturik. Ertzaintzaren ikerketak, hala ere, aurrera jarraitzen du zer gertatu den zehatz jakiteko.

Neska jaioberriaren gorpua, plazenta eta guzti, 12:00etan gutxi gorabehera aurkitu dute, Santa Marina auzoko gizon batek abisua eman ostean. Dagoeneko jaioberriaren gorpua jaso eta eraman egin du Ertzaintzak, baina Galizia kalean eta inguruetan ikertzen jarraitzen du ikertzaile taldeak. Aztarnak jasotzeaz gain, auzotarrak ere elkarrizketatzen ari dira.

Auzotarrak "hunkituta"

GOIENAk Santa Marinako auzotarrekin hitz egiteko aukera izan du. Auzoa "asaldatuta esnatu" dela, azpimarratu dute.

"Goizean, izartu bezain laster ertzainak kalean zebiltzala ikusi dut. Lehenik eta behin, anbulantzia ikusi dugu eta gero ertzainak heldu dira. Auto baten azpian haur bat zegoela entzun dugu, eta erreanimatzen saiatu direla. Ikertzen ari dira ea inguruan haurdun zegoen emakume bat dagoen edo bertako norbait izan zitekeen.Asaldatuta dago auzoa, hau ez delako normala, eta auzoa hunkituta dago. Ertzaintza hatz-markak ere ikertzen ibili da, eta portal ezberdinetan galdetu dute. Inguruan begira ari dira. Dirudienez bertako norbait izan zitekeen", azaldu du auzotar batek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak