Sari ederra eroan du Jianan Tian-ek: txapela, garaikurra, diploma, 3.600 euro eta datorren urterako kontzertu bira; errekonozimendu ezin hobea, duda barik. Bigarren eta hirugarren onenak, Aydar Salakhov errusiarra eta Portugaleko José Valente izan dira, hurrenez hurren. Horretaz gainera, urtero legez bi sari berezi eman dituzte: derrigorrezko obraren interpretazio saria eta Arrasateko SUDCek jatorrenari emandako saria. Bi horiek Valente portugaldarrak eroan ditu.
Urtero moduan, Arrasate izen handiko akordeoilarien geldiune izan da; izan ere, Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa erreferente bilakatu da hauspoaren munduan. Horrekin batera, ezin ahaztu Gipuzkoa Lehiaketak ere estatu osotik akordeoi-jole bikainak erakartzen dituela; eta bestalde, 29. Gipuzkoa Jaialdiak akordeoiaren harrobia nolakoa den erakutsi du, berriz ere. Eta emaitzak bistan daude: inoizko partaidetzarik altuena izan dute, ia 400 akordeoilari.
Jaialdiaren kutsu ez-lehiakorra azpimarratuz
Arrasateko Akordeoi Lehiaketen beste edizioetan bezala, bi atal nagusitan banatu da akordeoiari eskainitako asteburua: batetik, Nazioarteko Lehiaketa eta Gipuzkoa Lehiaketa eta bestetik, Gipuzkoa Jaialdia.
Hauspoz-etik adierazi dutenez, azken horrekin, lehiakortasuna baztertzea gura izan dute, pedagogiari leku bat emateko halako ekintzatan: musika eskoletatik datozen ikasleendako lehenengo hurbilketa bat suposatzen du jaialdiak eta akordeoiaren munduan lehen pausuak ematen ari direnendako zuzenduta dago, alegia. "Nahiz eta distira gehien Nazioarteko Lehiaketak izan, gure lanaren sustraiak jaialdian daude, hori da gure oinarria eta bertakoak dira parte-hartzaile gehienak" azaldu du Hauspoz-eko lehendakaria den Aitor Furundarenak.
Kontuak kontu, sari banaketa amaituta, bukatu da aurtengo akordeoien asteburua Arrasaten; datorren urtean zapalduko dute berriro ere Amaia Antzokiko oholtza nazioarteko akordeoi distiratsuenek.