Atea defendatzera irten da Ikasberri; baloirik ez zutenean bosna jokalariz osatutako bi linearekin eta baloia zutenean –gutxitan– bost atzelarirekin, lau erdilarirekin eta aurrelari bakar batekin. Horren aurrean etxekoek ez dute jakin aurkarien sarea zulatzen; Mondra eroso zegoen atzean baina aurrera begira eskas, eta hori izan da, hain justu, Ikasberrikoen helburua.
Aukera garbiena 92. minutuan
Aukera gutxi izan dira baina partidua deskontuan zegoela, 92. minutuan, Iker Lopezek izan du 1-0ekoa egiteko aukera ederra, atea ia hutsik zuela kanpora bota du baloia. Horren aurretik epaileak ez du penalti bat adierazi, Ikasberriko atzelari batek baloia eskuarekin ukitu ostean: "Ez da aitzakia, ezin gara horrela justifikatu. Halako planteamendu defentsiboen aurrean ere nola jokatu landu beharko dugu entrenamenduetan", dio Urzelaik.
Hurrengo jardunaldian Azkoitin jokatuko dute sarrailagileek, azken bigarrena den Anaitasunaren aurka. Liderra, Getariako Keta taldea, hamar puntura dago dagoeneko.