Break dancea eta ikus-entzunezkoa bateratzen dituen 'Divenire' ikuskizuna [ZAPATUA, 19:30]

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 29a, 16:52

Maiatza hastearekin batera ikuskizun dotorea dator Arrasateko Amaia antzokira, Circle of Trust eta Logela taldeek elkarlanean sortutako 'Divenire' ikuskizuna. Hip hop dantzak, break dance mugimenduak eta ikus-entzunezkoak bat eginda ezohiko emanaldia eskainiko dute zapatuan, maiatzak 3, Amaia antzokian (19:30).

Zaragozako Circle of Trust break dance konpainiak eta Logelak, multimedia kontuetan aditua den talde euskaldunak, elkarlanean egindako hirugarren lana dakarte Arrasatera, Divenire. Aurretik egin zituzten Klonk eta Papiro…Flexia, eta horien arrakasta ikusita hirugarren hau sortu dute urte erdi baino gehiago lanean jardun ostean.

Divenire berbak esan gura du “zerbait izatera iritsi”, “eboluzionatu” eta horixe erakutsiko dute ikuskizunean Circle of Trust taldeko sei dantzarik. Bihotza, emozioen erdigunea, da ikuskizunaren abiapuntua, eta hortik abiatuta erakutsiko dute: norberaren bizi-esperientziak; aurrera egiteko gogoa; eta ahaleginaren ondorioz lortutako eboluzioa.

Hori horrela, orain arteko break dance mugimenduak beste elementu batzuekin elkartu dituzte, tartean zirkuko mugimenduekin, eta horren ondorioz kaleko dantza erakustaldi guztiz ezberdina eskainiko dute.

Eskarmentu handiko taldeak

Eskarmentu handiko talde profesionala da Circle of Trust, dagoeneko 12 urte daramatza lanean, eta Hip Hop dantza ezagutzera ematea beste helbururik ez du; hori bai, ikuskizun dinamiko eta harrigarrien bitarteaz. Martxoan Aretxabaletan izan ziren Fun Dantz! jaialdi barruan, eta orduan ere harrituta utzi zituzten ikusleak.

Logela taldeko kideek egin diote lagun Zaragozakoei hirugarrenez, eta, dantzariekin eta espazioarekin bat egiten duten bideo eta ikus-entzunezkoak sortu dituzte. Zuzendari lanetan, ostera, Jordi Vilasecak jardun du, arte mugimendu eta sorkuntza kontenporaneoan aditua denak.

Datorren zapatu iluntzean, Amaia Antzokian eskainiko dute ia ordubete irauten duen ikuskizun harrigarria. Arrasateko maiatzeko kultura egitarauari emango dio hasiera horrek.

 

------------------

Ander Garaizabal: "Saiatzen gara gure irudiek dantzariekin batera dantza egin dezaten"

Bi talderen arteko koprodukzioa da Divenire. Logela Multimediako Ander Garaizabal soinu teknikariarekin izan gara.

Nola definituko zenuke?
Tempo bat da Divenire, eta hori islatu gura izan dugu. Nire ustez, bitxiena dantza estilo bien artean sortu dugun nahasketa da, guztia batzen duen multimedia bilgarria ahaztu gabe. Saiatu gara lan helduagoa egiten, gure abiapuntua ahaztu gabe, baina.

Fitxaketa berriarekin.
Bai, COTekoen laguna da Jordi Vilaseca, eta proposatu zigutenean ideia ona iruditu zitzaigun. Gauza berriak eta interesgarriak egiteko aukera oso ona izan dugu harekin.

Nor gonbidatuko zenuke?
Oso lan zabala da. Haur, heldu, gazte, publiko familiarrarentzako ere egokia da. Gazteek diziplina hori hobeto ulertzen duten sinesmena dagoen arren. Oso dinamikoa da eta berehala pasatzen da ordubetea begien aurretik..

Bezperako lanak nolakoak izaten dira?
Dagoeneko errodajea eginda daukagu; beraz, muntatu, entsegu bat egin markak-eta jartzeko eta aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak