Uribetxeberria etxean preso sartzeko agindua eman du epaileak

Eneko Azkarate 2014ko api. 3a, 15:51

Josu Uribetxeberria etxean preso sartzeko agindua eman zuen atzo Ismael Moreno epaileak. Baldintzarik bako behin behineko espetxeratzea ezarri zion. Minbizi sendaezina tratatzeko bakarrik irten ahal izango da etxetik eta, gainera, poliziaren zaintzapean egon beharko du. Haren anaia Jabi Etxeberriak esan du, "mendekua besterik ez" dela.

Josu Uribetxeberriak Arrasatetik irteteko debekua zeukan atzora arte. Gaitz larri sendaezina dauka Uribetxeberriak. Mediku txostenaren arabera, atzera bueltarik gabea: minbizi metastasia. Eta etxean dago, Arrasaten, 2012ko urriaz geroztik.

Aurrerantzean, ostera, ezingo da etxetik irten, mediku azterketak egiteko ez bada. Eta polizien zaintzapean egon beharko da.

Horixe erabaki zuen atzo Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak, preso mondragoetarra Bergarako epaitegira deklaratzera joanarazi ostean.

Hedabide asko batu zen atzo Bergarako epaitegi aurrealdean, deklaratzera zihoala, Uribetxeberriaren irudia hartzeko.

Besteak beste, ihes egiteko arriskua dagoela adierazi du epaileak.

1986ko kasu bat

Uribetxeberriari eta harekin batera 1997an atxilotu zituzten beste hiru debagoiendarri, Xabier Ugarteri, Jose Luis Erostegiri eta Migel Gazteluri, epaileak leporatu die guardia zibil bat tiroz hiltzea Arrasaten, 1986an. Atxilotuetako batek inkomunikazio aldian guardia zibilari egindako deklarazioa hartu du oinarri epaileak.

Uribetxeberria Bergarako epaitegira deitu zuten moduan, Ugarte eta Erostegi Madrilera eroan zituzten atzo, Auzitegi Nazionalera, deklaratzera. Herrera de la Manchako eta Salamancako espetxeetan daude.

Jabi Uribetxeberria Josuren anaiak adierazi du "mendekua besterik ez dela eta anaia izorratzera" joan direla. Eta, gehitu du, dena egin dutela azkar, egun batetik bestera.

Uribetxeberriaren abokatuak, bestetik, adierazi du auzia preskribatuta dagoela.

Arrasateko Herriko plazan gai honen gainean iritzia emateko prentsaurreko masiboa deitu dute senide eta lagunek zapaturako, 12:30erako plazan.

Gaiak oihartzun handia izan du hedabideetan, bereziki, Espainiakoetan. Gaurko egunkari nagusietako azaletan atera dute, atzo Bergaran egindako argazkia. Horretaz gain, atzoko telebista eta irratietako albiste nagusietakoa izan da, bereziki Espainiakoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak