Josu Uribetxeberria presoa Arrasateko bere etxean da, baldintzapean, 2012ko urriaz geroztik. Minbizia duela-eta epaileak espetxetik aske utzi zuen. Fiskaltzak, bestetik, 1986ko kasu bat berriro zabaldu eta ikertzea eskatu du orain, guardia zibilaren txosten bat oinarri hartuta.
Horretaz gain, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) akusazio partikular gisa aurkeztea eskatu du. Europa Press-en arabera, AVTk kereila bat aurkeztu du eta bertan esaten du 1986an Josu Uribetxeberria, ustez, ETAren Bellotxa komandoko kide zela eta komando horrek hil zuela guardia zibil bat Arrasaten, ETAren zuzendaritzaren aginduak jarraituz.
Guardia zibilak egin duen txostenean, aintzat hartzen dira, ustez Bellotxa komandoko kide ziren Migel Gazteluk, Josu Luis Erostegik eta Sabino Usandizagak bere garaian egin zituzten deklarazioak eta baita haiei atzeman zitzaizkien pistolen adituaren azterketak ere.