Lehenengo minututik defentsan oso agresibo ibili dira kanpokoak, eta etxekoei partiduan sartzea ohikoa dena baino gehiago kostatu zaie. Norgehiagokako lehenengo zazpi minutuak ahaztekoak izan dira(5-14), baina Barberok defentsan egindako txapelak taldea iratzarri du. Hurrengo hiru minutuetan, atzean estutuz eta erasoan hobeto jokatuz, puntu bakarrera jarri dira(14-15).
Bigarren laurdenaren hasiera oso bestelakoa izan da, Alex Lorenzoren eta Kintanaren saskiratzeei esker, 15-4ko partziala egin dute bost minututan. Hamar puntuko aldea lortu dute Larreategiren mutilek eta epaileen erabaki eztabaidatuen arren, burua hotz mantentzea lortu dute. Aldageletarako bidea 36-28 emaitzarekin egin dute.
Partidua erabakitzeko aukera
Barbero izan da bigarren zatiaren hasierako protagonista. Zarata handirik atera gabe zortzi puntu jarraian egin ditu. Orduan partidua erabakitzeko aukera izan dute etxekoek, baina bi minutu txar izan ostean Larreategik hutsartea eskatu behar izan du. Laurden gora-beheratsua izan da, hala ere, azken erasoetan Gorka Arejolaleibak sartu dituen bi hirukoei esker, errenta politarekin amaitu dute hirugarren laurdena(54-41).
Azken hamar minutuetan, azpeitiarrak hiruko jaurtiketekin aldea murrizten saiatu dira, baina ezin izan dute gauza handirik egin. Partidu serioa jokatu dute etxekoek, eta 73-54ko emaitzarekin amaitu da partidua.