Norgehiagokaren lehenengo minutuak nahiko nahasiak izan ziren. Taldeak defentsan estutzen saiatu arren, aurrean ez zuten bide zuzena aurkitzen. Ceciagaren eta batez ere, Barberoren puntuek–8 lehenengo laurdenean– mantendu zuten taldea bizirik.
Bigarren laurdenean, zarauztarrak atzean indartsu irten ziren, kantxa guztian presionatzen, eta atsedenaldira heltzeko lau minuturen faltan, kanpokoak aurretik jarri ziren markagailuan(25-26). Hala ere, azken hiru minutuetan, Barrenaren sei puntuei esker eta taldeak kontraerasoan erosoago jokatu zuelako, bost puntuko aldearekin joan ziren aldageletara, 36-31.
Zonakako defentsa
Atsedenaldiaren ondoren, zarauztarrek zonakako defentsara aldatu zuten. Hala ere, Barberok, defentsa atzetik mugituz puntu garrantzitsuak lortu zituen. Aipatzeko partidua egin zuen, 17 puntu eta 13 errebote lortuz. Azken laurdena 14 puntuko abantailarekin hasi zuten, eta partidua erabakitzeko, Kintana agertu zen. Bi minututan zortzi puntu egin zituen, eta Arejolaleibaren beste hiruko bati esker partidua apurtu zuten.
Astea liderrarekin puntuz berdinduta amaitu du MUk, Bide Bidek bere partidua galdu ostean.