Lehen zatia trabatu samarra izan da. Bi taldeek behar dituzte puntuak sailkapenean gora egiteko.
Zelai erdian, nahiko nahastuta, jokalariak eta baloia. Biek ala biek, baloi luzeak erabili dituzte, eta horrela, jokaldi landuak egitea oso zaila izaten da. Hori horrela, futbol gutxi ikusi dugu Ibarran. Etxekoak batez ere, eskuineko hegaletik ahalegindu da, Gillen Marren abiadura aprobetxatu guran.
Baloia menderatzen
Gorka Valleren aginduak entzun ostean, hobeto kokatu zen zelaian UDA bigarren zatian. Baloia askoz gehiago menderatu zuen, baina lehen aukera Hernanik izan zuen, Bereziartuaren erremate bati esker. Baloia gora bota zuen Hernaniko jokalariak.
Ordu laurdena bete orduko, UDAko Iker Sanchez izan zen protagonista. 60. eta 62. minutuetan bi gol aukera izan zituen. Minutu haietan erakutsi zuten etxekoek irudi onena.
69. minutuan aldatu zen lehia. Julen Zaitegin gol ederra sartu zuen. Atezainari keinu egin, eta baloia atean sartu zuen. Pozarren ospatu zuten Aretxabaletako jokalariek. Gertuago zuten garaipena.
Luzapenean, bigarrena
Azken minutuetan irudi sendoa erakutsi zuen UDAk. Aurrera begira, baina atzeko lerroa ahaztu barik. Lasaitasunerako gola, luzapenean, azken segundoetan sartu zuen Aitor Perezek. Atezainaren aurrean bakarrik geratu, eta baloia loratu zuen Orokietaren gainetik.