Antzinako tomateak babestearen aldeko interesak elkartu ditu Nafarroako Mendigorriko Udala eta Debagoieneko Mankomunitatea, eta senidetzea erabaki dute Mendigorria eta Aretxabaleta izeneko barietateak bultzatzeko asmoarekin eta horiek ez galtzeko helburuarekin.
Joan den zapatuan, bigarrenez antolatu zuten Antzinako Tomatearen Lehiaketaren baitan elkartu ziren Nafarroako herrixkan, Mankomunitateko eta Aretxabaletako Udaleko ordezkariak, Gari Iturbe alkatea buru zela, Mendigorriako Udal ordezkariekin. Eta senidetze horren garrantzia azpimarratu zuten biek ala biek.
Aretxabaleta barietateak saria
Nafarroako elikagaiak sustatzea helburu duen Reyno Gourmetek Mendigorrian antolatutako lehiaketan lehen saria eskuratu zuen Arbayun barietako tomateak, Biotzari (Nafarroa) herrian Txaro Elosuak ekoiztutakoak; eta bigarrena, Aretxabaleta motakoak jaso zuen hau ere Biotzarin hazitakoa. Hirugarren saria eta bertako barietatearena, ostera, Mendigorrikoak jaso zituen, Iñigo Lergak Tafallan hazitako fruituak.

Tomateen sustatzaileek onartu zuten ez dela izan tomatearendako urte ona, hortaz, balio handiagoa dute eskuratutako sariek.
Domekan Aretxabaletan
Irailaren 6an ospatuko dute Aretxabaletako Tomatearen Eguna eta aurten 10 urte beteko ditu. Hain zuen ere, urteurrena dela eta zerbait berezia egin nahian iritsi da bi herrien arteko senidetzea eta orduan sinatuko dute hitzarmena. Elkarlanean jarduteko asmoa agertu zuten bi aldeek eta ez dute sinadura hutsa izaterik nahi.
Domekan, hainbat motatako tomateak izango dira ikusgai, baita bertako ekoizleen produktuak erosteko aukera ere. Horrez gain, tomate haziak erauzteko tailerra egingo dute Marc Badal adituarekin eta sukaldaritza saioa ere bai Anne Otegi sukaldariarekin. Bukatzeko, laugarrenez egingo den lehiaketako sariak banatuko dituzte. Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea irailaren 2an amaituko da.
Mendigorriakoa, 2022an berreskuratua
Nafarroa erdialdean dago kokatuta Mendigorria, Lizarra eta Iruñea artean. Klima lehorra du baina Arga ibaiaren alboan zein Artaxoara bidean dauden ortuetan uzta aberatsa jasotzen dute; horien artean dago Fran Yoldi Arbizu nekazaria. Hainbat tomate barietate ditu landatuta baina estimu handian duena eta mimo handiz zaintzen duena Mendigorriakoa da. Ezaugarri asko dituen fruitua da haren esanetan: "Oso tomate biribila da. Adituek erabiltzen dute Umami izeneko balorazio bat eta diote guztia duela altu. Eta niretzat ederra da".
Barietatea ez da berria, baina 2022an berreskuratu zuten, landarea herrira eroan eta hainbat ekimenen bitartez hauspotuta; hala dio Yoldik: "2000ko hamarkada hasieran herrian agertu zen tomate barietate bat eta Mendigorria izena eman zitzaion hemen agertu zelako; hori egin zuen Bizilur Nafarroak, existitzen zen garai hartan. 2022an itzuli egin zen barietate hori. Izan ere, Udalaren bitartez 200 bat landare ekarri genituen hainbat lagunen artean banatzeko, tomatearen gaiarekin genbiltzanon artean banatzeko. Eta urte hartan, kasualitatez, Iruñeko tomate lehiaketara aurkeztu nintzen eta nirea onena izendatu zuten".
Aretxabaletako tomatea gutxi ezagutzen duela onartu du. Aurten hainbat landare landatu zituen baina ekaitzak hondatu egin zizkion guztiak. Beste mota batzuk baditu baina ez asko, ez daitezen hibridatu, eta ez da ausartu baten edo bestearen alde egiten. Hori bai, antzinako barietateak izanik, horiek mantentzearen garrantzia azpimarratu du: "Tomateak, batzuk zein besteak dira onak. Antzinako barietateak dira hauek eta hain zuzen ere mantendu dira ez direlako produktiboak, ez dira izan interesgarriak agro-industria ekoizpen handiarentzat, hau da, daukagun mundu global-kapitalizatu honentzat. Horregatik dira interesgarriak guretzat, bereziki hazien bitartez dugun boterea berreskuratzen dugulako. Eta horrek ematen die min haiei, guk izatea boterea haziei esker".
