Irailaren 6an egingo dute Aretxabaletako Tomatearen Eguna, eta ekitaldia aurkezteko Aretxabaletako Udaleko ordezkariak, Foru Aldundikoak eta Debagoieneko Mankomunitatekoak batu dira gaur Arkupen. Egitarauaren berri eman du Gari Iturbe alkateak, eta gaineratu du aurtengo beroaldi honek aurtengo tomatean izango duen eragina ikusi ahal izango dela iraileko lehengo domekan. "Beti entzun izan dugu tomateak eguzkia behar duela, baina aurten eguzkiaz batera sekulako beroak egin ditu, horrenbestez, Tomatearen Egunean aurtengo uzta ze zaporekin datorren ikusi ahal izango dugu".
Elkarlana Mendigorriarekin
Tomatearen azokak 10 urte beteko ditu irailaren 6an, eta Udaletik zerbait berezia egin nahi zuten. "Gurearen erritmo eta filosofia antzerakoa duen beste tomate barietate bateko herriarekin jarri ginen harremanetan, Mendigorriarekin, eurek ere begi onez ikusi zuten elkarrekin bide berri bati ekitea, eta lehenengo mugarria izango da irailaren 6an 13:00etan ekingo dugun ekitaldia. Ekitaldi xume bat izango da, sinbolikoa, baina balioko du tomate barietate hauek sustatzeko elkarlana abiarazteko", gehitu du Iturbek.
Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatu Azahara Dominguezek Aretxabaletako tomatea, eta Leintz Gatzagako gatza, balioan jarri ditu. "Aretxabaletako Tomatearen Eguna aukera bikaina da lehen sektoreak egiten duen lana aitortzeko, eta ikusteko tomatea moduko produktu bat gure lurraldearen enbaxadore bihur daitekeela. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditut irailaren 6an Aretxabaletara etor daitezen, eta posible den neurrian, garraio publikoa erabilita".
Irailaren 6ko egitaraua
- 10:00-14:00 Aretxabaletako Tomatearen eta bertako produktuen azoka.
- 10:00-14:00 Antzinako Tomate barietateekin erakusketa.
- 11:00: Tomate haziak erauzteko tailerra Marc Badal adituarekin.
- 12:00: Tomate sukaldaritza tailerra eta dastaketa Anne Otegirekin.
- 13:00: Tomatearen azokaren 10. urteurrena dela eta, Mendigorriako eta Aretxabaletako udalek hitzarmen bat sinatuko dute, bi tomate barietateen sustapena egin eta berauek balioan jartzeko.
- 13:30: Euskal Herriko Bertako Tomate Lehiaketako sari banaketa (IV. edizioa).
OHARRA: Irailaren 5eko eta 6ko asteburuan Aretxabaletako tomatearen pintxo ibilbidea egingo dute, eta tomate lehiaketan esku hartu nahi dutenek izena emateko kultura@aretxabaleta.eus helbidera idatzi behar dute. 943 08 10 01 telefono zenbakian argituko dizkiete lehiaketaren gaineko zalantza guztiak.