Lehendabizi, haren senideek hartu zuten berba, eta eskerrak eman zizkieten joan ziren guztiei. Ekitaldia hasi baino lehen, euri zaparrada bat bota zuen, eta Ekainen arreba den Ibonek zaparrada Ekainen broma bat izan zela adierazi zuen.
Arrebak eta Iñaki Arana lehengusuak hitz egin ondoren, Ekainen ama den Elena Iglesiasek ere hitz egin zuen: "Zauden lekuan zaudela, seguru dagoeneko maitarazi duzula. Laguntasuna da, zalantza barik, Ekain modurik onenean definitzen duen hitza. Beti egon izan da lagun onez inguratuta, bai hemengoez eta baita munduaren beste puntatik hura agurtzera etorri direnez ere. Esaten dute uzten dugun aztarna garela; beraz, Ekain da eta izango da eragin digun irribarre bakoitza, eskaini digun minutu bakoitza, lapurtu digun bihotz-zati bakoitza eta, haren arreba eta gurasoontzat, betirako harrotasuna".
Senideek hitz egin ondoren, Ekainen lehengusua den El Bille musikariak bi abesti eskaini zion, horietako bat Ekainek gehien eskatzen zion kantua. Ondoren, kuadrillakoek, Ointxe!-ko taldekideek eta Sevillako zein Aramaioko lagunek egin zuten berba, anekdotak kontatuz, eta Ekain umorez oroituz.
The Clayton talde aramaiorrak ere pare bat abesti kantatu zituen, eta kuadrillakoek aurresku hunkigarri bat eskaini zioten Aretxabaletako txistularien laguntzarekin. Zapatuan, argi gelditu zen Ekainen oroitzapena inoiz baino biziago dagoela.