Trafikoko zuzendari den Sonia Diaz de Corcuerak adierazi du EAEn hildakoen % 55 kolektibo ahulenetako pertsonak zirela: 14 motozaleak, 8 oinezkoak eta bizikletan zihoan bat. Lurraldearen arabera Gipuzkoan eta Araban hildakoak hamahiru izan dira eta Bizkaikoak, hamasei. Gainera, hiru istriputan bina hildako izan ziren: Galdakaon, Asparrenan eta Aretxabaletan. Azken horretan motozale bat eta autobus-gidari bat hil ziren urtarrilean; eta Asparrenako istripuan hildako biak arrasatearrak ziren.
Iaz baino 230 istripu gutxiago
Ezbeharren kopuruari dagokionez, iaz baino gutxiago izan direla jakinarazi du Diaz de Corcuerak. Abenduaren 28ra arte, 7.609 istripu erregistratu ziren, 2017an baino 230 gutxiago. Era berean, aipatu du ezbeharren bilakaera beheranzkoa izan arren kolektibo ahulenetako hildakoen kopuruak gora egin duela, batez ere motozaleenak, eta horiekin modu espezifikoan dabiltzala lanean istripu-tasa murrizte aldera.
Hildakoen kopuruak, ostera, gora egin du gidariei eta oinezkoei dagokienez; aldiz, behera bidaiarien kopuruak. Gipuzkoa izan da lurralde bakarra hildakoen kopuruak behera egin duena; bederatzi gutxiago 2018an. Araban lau gehiago izan dira eta Bizkaian zortzi gehiago.
Bost debagoiendar
Orotara, bost debagoiendar hil ziren 2018an Euskal Herriko errepideetan –horietatik hiru Debagoienean, Aretxabaletan–. Urteko lehenengo egunetan gertatu zen 2018ko lehen istripu larria, Aretxabaletan. Motor batek eta autobus batek elkar jo zuten eta bi pertsona hil ziren, motor eta autobus gidariak. Abuztuan, beste istripu larri bat izan zen, hura ere Aretxabaletan. Kasu hartan, motor batek eta auto batek jo zuten elkar; moto gidaria hil egin zen. Bestalde, irailean, bi arrasatear hil ziren Asparrenan (Araba), autoan zihoazela matxura bat konpontzen ari zen kamioi baten aurka talka eginda.
Urtezahar gauerako gomendioak
Urtezahar gauerako gomendioak ere eman dituzte Trafiko Saileko ordezkariek; hona hemen:
- Zirkulatu behar den errepideetako egoeraz informatu; hona bideak: www.trafikoa.eus webgunea, @trafikoaEJGV Twitter bidez, TrafikoaEJGV APParen bidez edo 011 telefonoaren bidez (24 orduko arreta).
- Alkohola eta drogak kontsumitzea eta gidatzea bateraezinak dira. Bide-segurtasunaren aurkako delitua da, eta ondorio larriko istripuak eragin ditzake.
- Zirkulazio-arauak errespetatu, baita trafiko-agenteen indikazioak ere.
- Komeni da gidatzeko modua bidearen egoerara egokitzea.
- Errepidean arreta jarri, GPSarekin edo smartphoneekin arreta galdu gabe.
- Arreta eta prekauzioak areagotu Gabon egunetako ospakizun handien aurreko eta ondorengo joan-etorrietan.