Istripua 21:20ean gertatu da GI-627 errepidean, Aretxabaleta parean. Motor batek eta Lurraldebus-eko autobus batek aurrez aurre jo dute saihesbiderako sarreraren inguruan, Eskoriatzatik Arrasateko noranzkoan. Istripuaren ondorioz itxi egin dute zirkulazioa bi noranzkoetan eta auto ilarak sortu dira.
Herrizaingo sailak jakinarazi duenez bi gidariak hil dira istripuaren ondorioz. Motor gidaria autobusaren azpian harrapatuta gelditu da, eta autobus gidaria kabinan. Autobusean ez zihoan bidaiaririk.
Istripuaren berri izandakoan bertaratu dira larrialdi zerbitzuak, tartean suhiltzaileen dotazio bat. Osasun-langileek bi biktimen heriotza egiaztatu dute.
Bi gidariak artatu bitartean ibilgailuak errepidetik erretiratzeko lanak hasi dira; izan ere, guztiz itxita egon da zirkulazioa, eta horrek auto ilarak sortu ditu.
Bi biktimen hilotzak Donostiako Patologia Forentseko zerbitzura eraman dituzte epailearen aginduz. Ertzaintzak, bere aldetik, ikerketa abiarazi du istripuaren nondik norakoak argitzeko.