"Pozik" ziren atzo iluntzean emaitzak jakindakoan Unai Elkoro alkatea eta EAJko gainerako kideak. Eskoriatzan eta Bergaran azaroan egindako galdeketa erreferentzia izanik ez zutela halako alde handia espero bi aukeren artean gaineratu zuen alkateak. Bestetik, herritarren parte-hartzearekin ere konforme agertu zen.
Bi sistemekin helburu berberak
EH Bilduko kideek bi sistemak ikusten zituzten begi onez eta argi zuten bosgarren edukiontzi bidezko sistemak aurrea hartuko ziola atez atekoari galdeketan, nahiz eta halako "alde handiarekin" izango zenik uste ez. Sistema batekin edo bestearekin bete beharreko helburuak berberak direla gogorarazi zuten.
Atez atekoa ikastaro "sakona" izan dela adierazi zuen Igartuak, eta ondorioz hemendik aurrera ere birziklatze-tasei eutsiko dietela aretxabaletarrek zioen.
Alderdi sozialistaren zinegotzi Miren Lorea Lana ere oso pozik agertu zen bai parte-hartze kopuruarekin, bai herritarrek hautatutako sistemarekin. Irabaziko Luis Mariano Gomezek zioen herritarrek esandakoa bete beharko dela orain, eta birziklatze-tasak betetzea dela kontua, sistema bat edo bestea izan.