ALBISTEAK

Danborrada berreskuratu dute Aramaioko sanmartinek

Gontzal Belategi Zubia 2026ko uztailaren 7a

Duela hainbat urte desagertu zen arren, danborrada berreskuratu dute aurten San Martin jaiek. 80 pertsona inguruk hartu dute parte, eta antolatzaileen balorazioa oso positiboa da.

Hainbat urtez desagertuta egon ostean, aramaioarrek sanmartinetako danborrada berreskuratu dute. 1969an egin zen lehenengoz, jaietako astelehenari bizipoza emateko helburuarekin, eta aurten, hainbat urteren ostean, jatorrizko egitasmoaren bizipoz berdinak hartu ditu herriko kaleak. Antolakuntza lanetan ibili den Oihana Eriz pozik agertu da danborradak utzitakoarekin, eta balorazio positiboa egiten du: "Oso ondo joan da. Uste dut jendea gustura dagoela eta gure sentsazioa oso ona da. Danborradan parte hartu dutenak  zein ikusten zegoen jendea gustura ikusi dugu. Balorazioa oso positiboa izan da".

80 pertsona inguru

Egitasmoa berreskuratu osteko lehen danborrada honetan 80 pertsona inguruk hartu dute parte. Parte-hartzaile kopuruak antolakuntzako kideak ere harritu dituela aitortzen du Erizek: "Ez genuen inondik inora horrelako parte-hartze bat espero. Hasiera batean hiru-lau pertsona elkartu ginen, baina egia da zabaldu genuenean jendea apuntatzen hasi zela".

Antolakuntza lanetan ibili den jendearen lana ere balioan jarri nahi izan du: "Antolatzaileok ez dugu esperientziarik, hutsetik hasi gara. Baina, talde oso polita osatu dugu eta denok ibili gara gogotsu. Talde polita dagoenean lan egitea plazer bat da, eta jendea giroaz kutsatzen joan da".

Abiapuntua kasualitate batean

Danborradaren berreskurapenak kasualitate batean du bere abiapuntua. Iazko Gaba Baltza antolatzen zebiltzala duela 50 urte egiten zen danborradako danborrak aurkitu zituzten, eta kalejira egiteko erabili. Ekintza, ustez, inuzente horrek, danborrada berriro antolatzeko lehen txinparta izan zen: " Udaletxeko biltegi batean duela 50 urte erabiltzen ziren danbor zahar batzuk agertu ziren. Kalejirarako ondo etorriko zirela pentsatu genuen. Jendeari gustatu egin zitzaion, eta bizpahiruk jaietan danborrada egitea pentsatu genuen. Zabaltzen hasi ginen eta jendea gogoarekin ikusi genuen".

Lehen danborrada hark giro ganberroa zuen ezaugarri, eta berreskuratu osteko lehen danborrada honetan ere horrela izan da. Ad Libitum elektrotxarangaren laguntzarekin ibili dira parte-hartzaileak danborra jotzen, ezohiko itxura emanaz. Era berean, plazan ere agerikoa izan sa espiritu ganberro hau, parte-hartzaileak saltoka hasi direnean, edo beste bat jotzeko eskaera luzatu dutenean.

'Aramaixoko martxie'

Danborradan zehar hainbat kantu jo dituzte, batzuk ezohikoak danborrada batean, esaterako, Sarri, Sarri eta Behera, Behera abestiak. Hala ere, abesti bereziena Aramaixoko martxie izan da. Donostiako martxa kantuaren bertsio bat da hau, Herri Eskolako hirugarren zikloko ikasleek, Peru Abarrategi bertsolariaren gidaritzapean, aramaioartua. Plazara heltzean elkarrekin abestu dute guztiek, Alaiak Kantuen taldearen laguntzarekin.

Gelditzeko etorri den egitasmoa

Egitasmoak izan duen harrera ona ikusita, seguruenez, danborrada gelditzeko etorri dela uste du Erizek: "Esango nuke gelditzeko etorri dela. Parte-hartzen egon den jendeak gogoarekin jarraitzen duela esango nuke, eta ikusten egon direnetako batzuk ere animatuko dira. Espero horrela izatea. Jendeak gogoak baditu gu prest gaude antolatzen jarraitzeko".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak