Iritsi da uztaila, eta, horrekin batera, Aramaioko kaleak hartzeko ordua ere bai. Izan ere, egubakoitzean hasi eta astelehenera bitartean ospatuko dituzte San Martin jaiak herrian. "Munduak handira jokatzen duen garai hauetan, jaiak izan daitezela gure neurrikoak", adierazi du Udalak, eta, horretarako, hainbat ekintzaz betetako egitaraua osatu dute.
Anbotoko Mariren etorrerarekin hasiko dira jaiak, egubakoitzean, baita txupinazoarekin eta pregoiarekin ere. Aurten, euskara omendu nahi dute, eta, horregatik, herriko euskara ikasleek irakurriko dute pregoia. Udalak hauxe adierazi du: "Gure hizkuntza txikia dela esan daiteke, baina, horren aurrean, ez dugu minorizatua nahi. Horregatik, aurtengo jaietan, urtez urte eta isilean euskara ikasten edo hobetzen ari diren herritarrak omenduko ditugu".
Berrikuntza nagusiak
Aurtengo jaietako berrikuntza nagusia da 1969ko jaietako astelehenean lehen aldiz egin zuten danborrada berreskuratu egingo dutela, urte askoan egin gabe egon eta gero. Hori antolatzen ibili da lantalde bat, eta guztira 80 lagun inguruk hartuko dute parte, haur zein nagusi. Gainera, Donostiako martxa kantua ere joko dute, baina Aramaixo Herri Eskolako hirugarren zikloko ikasleek, Peru Abarrategi bertsolariaren gidaritzapean, aramaioartu egin dute abestia, eta Aramaixoko martxie kantuari hitzak jarri dizkiote.
Beste berrikuntza bat da egubakoitzean txosnagunean kontzertuak egongo direla. Zapatuan, berriz, txosnetan ohikoak izaten ziren kontzertuak ez dira egingo, baina horren ordez erromeria egongo da Bizente Goikoetxea plazan, eta, horren ostean, DJa izango da txosnetan.
Aurten mariatxirik ez dago egongo. Horren ordez, kaleko musika izango da, esaterako.
Ohiko osagaiak ere bai
Ohikoak diren ekintzak ere izango dira. Apar festa egongo da; patata-tortilla lehiaketa ere errepikatuko dute; haur jaioberriei ongietorria egingo diete, aurten hiruri; Lagun Artean dantza taldekoek emanaldia egingo dute; Alaiak-ekoek mus eta briska txapelketak antolatu dituzte; herri kirolak izango dira... Beraz, egongo da zertaz gozatu herrian San Martin jaietan.
'Aramaixoko martxie' kantuaren letra
Herriko jaixetan ondo pasetan dou benetan, benetan.
Aramaixo mendi artien, giro ederra dau uztailien, ostiralez hasi, astelehenera arte, jaixek ezin leikie in kalte! (Bi aldiz errepikatu).
Zatoz gurekin tanborrarekin kale danak batera alaitzen (Bi aldiz).
Familiarekin, lagun danekin, zegaittik ez za zu be gugana batzen?
Elkarrekin! (Bi aldiz).
Etorri herrire, plaza erdire, dantzan in! Gurekin!
Aramaixon danok disfrutetan gatoz, dantzan in! Jaixek ospatzeko asmoz. (Bi aldiz).
Herriko jaixetan ondo pasetan dou benetan, benetan.