Eva Fjellheim Aramaion izan da parke eolikoen aurkako borroka azaltzen

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 19a, 13:15

Jendaurrean da Statkraft enpresak Aramaion eta Eskoriatzan eraiki nahi duen parke eolikoaren proiektua. "Lurra defendatzeko" Gasteizen bihar egingo den manifestazio nazionalean izango da Eva Fjellheim, eta Euskal Herrira egindako bisita baliatu zuen atzo Aramaioko Kultur Etxean parke eolikoen aurka Sami herriak duen borroka kontatzeko. 

Atzotik aurrera, publikoa da Statkraft enpresa norvegiarrak Aramaioko eta Eskoriatzako lurretan egin nahi duen Itsaraz parke eolikoaren proiektua. Ingurumen inpaktuaren gaineko azterlana ere ikusgai dago, nahi dutenek kontsulta dezaten.

Enpresa norvegiarrak prentsa-oharrez adierazi duenez, asmoa da urtero 44.110 familia inguru "energia garbi eta autoktonoz" hornitzea, eta aurreikuspena da 2026-2027 urteen artean eraikitzea parke eolikoa. Horrez gain, jakinarazi dute kalitate akustikoaren gaineko kontrola egingo dutela parkeak eragina izango duen bi herrietan, eta faunari eta begetazioari behatuko diola behaketa talde batek hamabost egunean behin. Gainera, gaineratu dute lehendabiziko fasea amaitzen denean, "kaltetutako lurrak" zaharberrituko direla, eta ereite hidrauliko bat ere egingo dela.

Eva Fjellheim Aramaion

Hori dela eta, atzo Aramaion izan zen Eva Fjellheim, Sami kontseiluko kidea. Hitzaldia eskaini zuen, Sami herriaren borroka esperientzia kontatuz. Jendez lepo bete zen Kultur Etxea, eta solasaldiaren ondoren, bertaratutakoek galderak egiteko aukera izan zuten. 

Sami herriak denbora darama bere bizimodu tradizionala kolokan jartzen duen megaproiektu eolikoen aurka borrokan. Hain zuzen ere, 2021eko urriaren 11n, Norvegiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen, besteak beste, Statkraft enpresa egiten ari zen Fosen Vind zentrala osatzen duten sei proiektutatik bik Fovsen Njaarkeko sami elur-orein artzainen eskubideak urratzen dituela. Epaia irmoa izan arren, aerosorgailuak ez dira eraitsi; are gehiago, normaltasun osoz ari dira funtzionatzen. Ondorioz, 2023ko otsailaren 23an, gazte sami batzuek Petrolioaren Ministerioaren egoitza okupatzea erabaki zuten, poliziak kanporatu zituen arte.

Erlazionatuak

Jendaurrean da Itsaraz parke eolikoaren proiektua

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023 mai 18 Aramaio   Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak