Era horretan, asmoa da urtero 44.110 familia inguru "energia garbiz eta autoktonoz" hornitzea, eta aurreikuspena da 2026-2027 urteen artean eraikitzea. Are gehiago, jakinarazi dute kalitate akustikoaren gaineko kontrola egingo dutela parkeak eragina izango duen bi herrietan, eta faunari eta begetazioari behatuko diola behaketa talde batek hamabost egunean behin. Gainera, gaineratu dute lehendabiziko fasea amaitzen denean, "kaltetutako lurrak zaharberrituko" direla, eta ereite hidrauliko bat ere egingo dela.
Neurrien proposamena
Neurriak proposatu baitituzte "proiektuaren ingurune naturala zaintzeko, eta, ahal den neurrian, aberasteko", "gizakiaren edozein esku-hartzek eragina duelako ingurunean".
Horretarako, berriztapen eta birlandatze plan bat aurkeztu dute. Bi atal izango ditu, eta neurrien artean dago, esate baterako, "fruituak emateko gaitasun handia duten" arbola eta zuhaixkak landatzea. Faunari lotutako hobekuntzei dagokienez, berriz, gordeleku artifizialak eraiki nahi dituzte, narrastien eta anbifioen garapena hobetzeko putzu berriak egin asmo dituzte, eta animalientzat baita askak prestatu ere. Horrez gain, hegaztien populazioari zuzendutako neurriak ere badituzte; adibidez, saguzarrentzat aterpeak eta aerosorgailuak automatikoki gelditzeko sistema bat.