Statkraftek batzar irekia egingo du Aramaion datorren eguaztenean

Hasier Larrea 2022ko aza. 9a, 17:43

Aramaioko Udalak hala eskatuta, Itsaraz proiektu eolikoaren inguruko xehetasunak azalduko dizkiete herritarrei Norvegiako Statkraft enpresa publikoko ordezkariek. Batzar informatiboa eguaztenean egingo dute, hilak 16, 18:00etan, Kultura Etxean.

Azpeitian Piaspe proiektuaren gaineko batzar irekia egin bezala, Aramaion ere azalpenak emango ditu herritarren aurrean Itsaraz parke eolikoa eraiki nahi duen Statkraft enpresak. Duela hiru aste jakinarazi zuen Aramaioko udal gobernuak, "herritarrentzat eta ingurumenarentzat onena" bilatze aldera, enpresarekin batzar ireki bat lotuko zutela, "beraiek zuzenean azaldu dezaten zein asmo daukaten". 

Eguna eta ordua jarrita, Statkrafteko ordezkariek honako puntuak jorratuko dituzte aramaioarren aurrean: "Euskadin garatzen ari garen instalazio berriztagarrien inguruan sortutako lehen zalantzak argituko ditugu, eta, zehazki, Itsaraz parke eolikoaren ingurukoak", azaldu dute prentsa ohar bidez. Egitasmook hiru ardatzi erantzuten diotela gehitu dute: "Tokiko energia-komunitateen bidezko energiaren sozializazioari, euskal industriarentzat zero kilometroko hornidura elektrikoari eta lankidetza publiko-pribatuari".

Itsarazen ezaugarriak

Aramaio eta Eskoriatza arteko eremuan eraikiko litzateke parke eolikoa. 60,4 megawatteko (MW) potentzia izango luke, 44.000 etxebizitza hornitzeko adina. Piaspe proiektua bezala, oraindik bere garapenaren hasierako fasean dago, baina Statkraften kalkuluen arabera, 90 milioi euroko inbertsioa ekarriko lukete bi azpiegiturek. 2027rako martxan jartzea da norvegiar enpresaren helburua. 

Arduradunek diotenez, herritarren parte hartzea sustatzeko hainbat formula aztertzen ari dira, "euskal herritarrek eta proiektuak ukitutako udalerrietako tokiko industriak Euskadiko trantsizio energetikoaren prozesuan zuzenean parte hartzeko aukera izan dezaten". Instalazioak planteatzen duen eredu parte-hartzailea azaltzen saiatuko dira datorren eguaztenean, bizilagunen zalantzei erantzunda. Komunikazio hori errazteko, batzarrean Lierni Altuna alkateak eta Iban Herrarte alkateordeak ere hartuko dute esku. 

Udalaren jarrera

Aramaioko udal gobernua auziaren inguruan posizionatu zen urrian, alde edo kontra dagoela adierazteko baino, horrelako gai batek informazio kontrastatua eta hausnarketa kolektibo sakona behar dituela nabarmentzeko, "orain arte egon ez dena". 

Era berean, salatu zuen erabaki estrategiko potoloek "herri txikiak kaltetzen" dituztela, AHTaren obrak jarriz adibide modura: "Gurea bezalako herriek asko borrokatu behar izaten dugu beste mahai eta maila batzuetan egositako egitasmoen aurrean, ez baikara horrelako erabakien parte izaten eta txikion errealitatea ez delako kontuan hartzen".

Ondorioz, Statkraft enpresa sustatzaileak udalari helarazi dion informazioa herritar guztiei zabaltzearen alde egin du udal gobernuak, eta hilaren 17an jakinaraziko zaie.

Kontrako protesta ugari

Araban eta Gipuzkoan parke eolikoak eraikitzeko sortutako interesaren aurrean, aurkako mugimenduek ahotsa altxatu dute azken hilabeteotan. Aramaion uztailean egin zuten ibilaldia, Arabako Mendiak Aske plataformak deituta, Kruzeta eta Asentzio Mendi inguruan: "Gure mendiak industrializatu nahi dituzte, 200 metroko haize-errotak eraikita; mendi batzuek ingurumen babesa daukate, baina horrelako proiektuen aurrean gure politikariek ez diote babesari kasurik egiten", azaldu zuten. Alternatiba modura, energia lortzeko eolikoak eta eguzki-plakak "industrialdeetan" jartzea proposatu zuten.

Bergarako Elosu auzoan ere egin zuten protesta Gipuzkoako Mendiak Aske plataformako kideek duela hilabete, proiektuon lehentasuna "herritarron beharrak eta ongizatea bermatzea ez dela" nabarmenduz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak