Agerraldian adierazi dutenez, eolikoen proiektua ez dago herritarrei begira: "Gipuzkoarako aurkeztu diren proiektu eolikoen lehentasuna ez da Gipuzkoako herritarron beharrak eta ongizatea bermatzea baizik eta asetzea enpresa handiek dituzten nahiak. Munduko beste herrialdeetan aplikatzen den eredu bera errepikatzen da: azpiegitura erraldoiak egin, ingurua eta inguruko biztanleak sakon kaltetu, hainbat urtetan intentsiboki ustiatu, eta ondoren, alde egin, zaborrak eta kaltea bertan utzita".
Krisien aurrean, bertako natura zaintzearen aldeko apustua
Gaurko deitzaileen arabera, krisi energetikoaz gain, "jakinekoa" da gizarte eredu krisia bizi dugula: "Ekonomikoa, soziala, klimatikoa, elikadurarena, osasunarena eta abar luzea, dena elkarri lotuta dagoelako. Oso industrializatuta eta kutsatuta dagoen lurraldea da Gipuzkoa. Horregatik, eta murgilduta gauden krisi honetatik ateratzeko, dagokigu mendiak, basoak eta larreak, bertako sare hidrologikoa, aniztasun biologikoa eta baliabideak errespetuz eta kontuz ustiatzea, oraingo zein ondorengo belaunaldiak bertan bizitzeko moduko lurraldea izan dadin. Horrek guztiak gizarte gogoeta bateratu eta integrala eskatzen du eta horren ondoren, zentzuzko planifikazioa".