Arabako mendietan zentral eolikoak jartzeko proiektuen kontra ibilaldia egin dute Aramaion

Txomin Madina Milikua 2022ko uzt. 23a, 19:22

Arabako Mendiak Aske plataformak datozen hilabeteotarako deitu duen lehen ibilaldia izan da Aramaioko mendietan egin dutena. Ingurumen babesa izan arren, lurraldeko mendiak “industrializatu” nahi dituztela salatu dute plataformako kideek.

Animatuenek 09:00etan Ibarratik abiatuta eta gainerakoek 10:00etan Kruzetatik, Aramaioko hainbat tontorretatik mendi martxan egin dute goizean Arabako Mendiak Aske plataformak deituta. Herriko bertako zein kanpotik etorritako askotariko adineko parte-hartzaileek egin dute bat Arabako Mendiak Aske plataformakoek egindako deialdiarekin.

"200 metroko eolikoak"

Plataformaren ekimenez eta Babestu maite duzun mendia lelopean datozen asteetan egingo dituzte bost ibilaldietan lehena izan da Aramaiokoa, eta denen helburua, lurraldeko mendietan zentral eolikoak jartzeko dauden proiektuen kontra egitea da. “Bat-batean Arabako hainbat menditan zentral eolikoak jartzeko proiektuak agertu dira, eta ez edonolakoak, 200 metrokoak baizik. Mendiak industrializatu nahi dituztela ikusten dugu. Mendi horietako hainbatek ingurumen babesa dute baina argi dago, horrelako proiektuen aurrean gure politikariek ez diotela babesari kasurik egiten”, azaldu du plataformako kide Judith Arriolabengoak.

Era berean, adierazi du Euskal Herrian industrialde mordoa daudela, eta energia lortzeko eolikoak eta eguzki-plakak horietan jartzea proposatu du. “Ez dakigu mendiekiko  dagoen fijazioa nondik datorren. Proiektu hauek, gainera, ze bizitza dute? 60 urte? Eta hondakinak ere badakartzate”, gaineratu du Arriolabengoak.

Gaurko martxan zehar Kruzetatik, Durakogainetik, San Adrianetik, Ganborraldetik eta Asensio Menditik igaro dira, eta Arriolabengoaren esanetan ibilbide hori egiteak badu bere arrazoia: “Oraindik ere ezer ofizialki aurkeztu ez duen arren, Norvegiako enpresa batek toki horietan zazpi eoliko jartzeko asmoa duelako egin dugu ibilbidea. Zortzigarren bat  ere jarri gura dute, Apotzagan. Zergatik zortzi? Uste dugulako  hamarretik aurrera tramitazioa zailagoa delako”.

Hurrengoa, Azazetan

Aramaioko kideek lekuko lanak egiten dituen makila Azazetako ordezkariei pasatu gaurko ibilaldian, han egingo dutelako abuztuaren 20an izango den hurrengo martxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak