Parke eolikoa sustatu nahi duen enpresarekin batzar ireki bat lotuko du Aramaioko Udal Gobernuak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urr. 21a, 10:24

Elgean dauden haize errotak.

Aramaioko Udal Gobernuak ohar bidez azaldu du Aramaio eta Eskoriatza artean egin nahi duten Itsaraz deituriko parke eolikoaren inguruko iritzia.

Statkraft energia berriztagarrien enpresak Aramaio eta Eskoriatza artean parke eoliko bat egiteko nahia azaldu zuen irail erdialdean. Aramaioko Udal Gobernuak ohar bidez azaldu du proiektuaren inguruan duen iritzia.

Batetik, proiektuaren inguruko informazio eza nabarmendu dute, eta egoera horretan iritzi kontrastatu bat ematearen zailtasuna. Bestetik, interes orokorraren izenean herri txikiek kaltetuak irteten direla azaldu dute. Hori horrela, Udal Gobernuak batzar ireki bat eskatuko dio enpresa sustatzaileari, Udalari helarazi dion informazioa herritarrei zuzentzeko asmoz.

Hona hemen Udal Gobernuaren adierazpen osoa:

"Ez Araba, ez Debagoienan, zein Euskal Herrian, deskarbonizaziorako eta energia berriztagarrien ekoizpenerako fundamentuzko estrategia edota lurralde plangintzarik ez dagoen bitartean, Aramaion parke eoliko berri baten egitasmoa egun batetik bestera agertu da agenda politikoaren eta mediatikoaren erdian. Eta beste behin, horrelakoetan ohi denez, herritarrei eta udalari iritzi bat eskatu zaigu egun batetik bestera.

Lehen lerroko politikagintza eta komunikabideak titularren azkartasunean dantzan dabiltzala dakigun arren, uste dugu horrelako gai batek informazio kontrastatua eta hausnarketa kolektibo sakona behar dituela lehen boteko iritziak ematen hasi aurretik. Eta hori bideratzeko baldintzarik ez da egon orain arte behintzat.

Proiektuaren inguruko informazio mugatua genuenean iritsi da Debagoieneko zentral eolikoa eraikitzeko asmoa titularretara, praktikan Aramaion zazpi haize-errota eta Eskoriatzan zortzigarren bat jartzea aurreikusten duena. Proposamen hau ez da erakunde publikoetatik etorri eta argi dago, gaiaren inguruko aurre-eztabaida edo lanketa integral barik heldu dela, pil-pilean dagoen energiaren arazoaren testuinguruan.

Interes orokorraren izenean garatu diren dimentsio handiko proiektuen biharamunak ez dira txikiak aramaioarron artean. AHTaren obrek, besteak beste, urte betez errepide nagusirik gabe utzi gintuzten eta oraindik konpondu gabe daude lan horiek sortutako kalteak. Eta nabarmenena dena, Aramaio mendebaldean porlanez zabaldutako zauri sakon bat utzi dute betirako. Gurea bezalako herriek asko borrokatu behar izaten dugu beste mahai eta maila batzuetan egositako egitasmoen aurrean, ez baikara horrelako erabakien parte izaten eta txikion errealitatea ez da kontuan hartzen.

Horregatik, gai konplexu hauen aurrean iritzi konkretu bat eskatzen zaigunean ditugun denbora eta informazio baliabideak kontutan hartu eta errespetua eskatu nahi dugu, gure txikitasunetik gauzak ahalik eta ondoen bideratzeko baldintza dira eta. Gure gorako instituzio eta eragileei eskatu nahi diegu gauzak era integral batean ikusi eta ordenatzea, energiaren inguruko azterketa zintzo eta integral bat egitea eta ondoren plan bat aurkeztea herritar guztioi, aurrean dugun erronka honetan zentzuz eta era ordenatu batean bidea egiteko.

Era berean herri txikion errealitatea kontuan izateko ere eskatu nahiko genieke, horrelako proiektuetarako gutaz gogoratzen diren arren, ez baita berdina gertatzen, adibidez, Correosek bere bulegoa mantendu, bankuek zerbitzu osoa eman edo zuntz optikoa etxe guztietara iristeko premia dagoela eskatzen dugunean edo medikua falta dugunean. Egitasmo eta erabaki estrategikoak ez baitira berdinak ohi izan hartzen diren mahaiaren arabera, eta herri txikiok era batean edo bestean beti kaltetuak irtetzen gara; handien izenean edota plangintza nazionalik ez dagoenean. Edonola ere, proiektu hau gauzatzen bada, Aramaioko Udalak, dagokion arduraz, bertan dagoen gobernua egonda ere, Aramaio eta bere ingurumenarentzako eta aramaioarrentzako onena bilatu beharko du, orain arte egin duen bezala.

Honenbestez, enpresa sustatzaileak udalari helarazi dion informazioa herritar guztiei zabaltzeko asmoz, batzar informatibo bat lotuko dugu, udazkenean zehar, enpresarekin beraiek zuzenean azaldu dezaten zein asmo daukaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak