Biomasa etorkizuneko energia izateko lanean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko urt. 13a, 10:03

Ezpala baliatuta biomasa lortzeko aukera dago.
Landa izaera eta 1.go sektorea bizirik mantentzea helburu duen Aramaixo Basarri Barri proiektuaren baitan, garapen iraunkorreko ekimenak egin izan dituzte.

Esate baterako, Udalak 2008an energia berriztagarri ezberdinen bideragarritasuna aztertzeko aurre-diagonisia egin zuen. "Herriaren ezaugarri eta baliabideak kontuan hartuz, eredurik egokiena hautatzea zen helburua; eta hori, egindako ikerketen emaitzen arabera, basoetako biomasa dela ondorioztatu zen". Hala esan dute Aramaioko Udaletik. Orduan Giroa, Egimen, Biotermiak eta kanpoko beste enpresa espezializatuei ikerketak eskatu zitzaizkien eta emaitzen arabera, Aramaion District Heating izeneko proiektu bat garatzea posible litzateke. Hau da, basoetako egur baliabideetatik sortutako energiari esker, herrigune batean etxeko ur beroa banatzeko sarea ezartzea. "Ikerketek diotenez, herrigunearen ezaugarrien arabera ez litzateke obra handiegirik egin beharko, eta auzoetarako alternatibak ere aztertu ziren: biomasa galdara txikiak, besteak beste".

Orain arteko urratsak

Biomasa ikerketen jarraipenerako batzordea sortzea izan zen Udalak emandako hurrengo urratsa. Eta konturatu ziren aurreko ikerketen emaitzak ez zetozela bat ez eskaera energetikoaz ezta egin beharreko inbertsioaz ere. "Egoera berriaren aurrean, Bartzelonako Unibertsitateari eta Smarlead enpresari azterlan berriak eskatu zitzaizkien eta agereian geratu zen erakunde publikoen, ESEren (zerbitzu energetikoko enpresa) eta  herritarren elkarlanerako bideak topatu behar zirela". Horretarako, Ramon Ajuria alkateak aditzera eman duenez, besteak beste, Udalaren eta EVEren (Energiaren Euskal Erakundea), zein Arabako Foru Aldundiaren arteko bilerak egin dira. "Proiektuaren aurkezpen ekitaldiak ere egin dira interesa azaldu duten udalerriekin. Eta 2013ko maiatzean herriko kultur etxean Biomasaren inguruko jardunaldia antolatu genuen".

Biomasa proiektua garatzeko zenbait proposamen jaso dituzte gainera: Europatik dirulaguntzak lortzeko proiektua aurkezteko esan die AVEBIOM elkarte espainiarrak; Foru Aldundiak Arabako Energia Berriztagarrien Plan Estrategikoen ildoen baitan Aramaioko proiektuarekiko interesa azaldu du. Eta EVE, Hazi eta Aramaioko Udalaren arteko elkarlanerako hitzarmena egin da, basoetako baliabideak eta energia eskakizuna aztertzeko. Emaitzen arabera, EVEk, proiektuaren bideragarritasun tekniko zein ekonomikoa aztertzeko konpromisoa hartu du.

Proiektuaren alde tekniko eta ekonomikoa garrantzitsua bada, ikuspuntu sozialaren aldetik ere helburu batzuk ditu: "Lanpostu berriak sortzeko aukera dagoela uste dugu. Gainera, egurraren salneurria finkatu eta baserritar guztiei euren egurraren salmenta ziurtatuko genieke. Mendiak garbi eta egoera onean mantenduko lirateke, biomasarako beharrezkoa bertatik aterako litzateke eta. Eta gainera, gure energiaren horniketa ziurtatuko genuke".

Epe luzeko proiektua

Ez da nolanahiko proiektua Aramaion garatu gura dutena, lortuz gero, biomasa sistema herri osoan zehar edukiko lukeen aurreneko euskal udalerria izango litzateke. Kostua handia izango dela badakite, baina apustuarekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak