Eguenean, goizean, udalekuetako umeak izango dira protagonista eta bailaran dauden hamar haur sahararrak ere eurekin izango dira eguna pasatzen.
Arratsaldean, tradiziozko ekintza den Oinarin dantza taldeko umeen Ikurrin dantza izango da, aurten gainera dantzan hasi diren ume berriekin. Ondoren, udalbatzakoek aurreskua dantzatuko dute.
Horren aurretik, baina orain dela lau urte egiten hasi ziren ekintza ere egingo dute; herriko bi nagusienei eta haur jaioberriei zapia jartzea.
Kantu afariaren ostean, gauerdian, jaitsiko da hontza eta jaiak eztanda egingo du orduan.
Egubakoitzean, gastronomia lehiaketa egingo dute; arroza izango da osagai nagusia, eta momentuz, 13 taldek eman dute izena. Arroz dastatzea egingo da ostean Kalebarrenen.
Duela pare bat urte egiten hasi ziren kuadrillen arteko jokoak ere egingo dituzte arratsaldean. Eta pilota partiduak izango dira iluntzean. Gauez mariatxiak egongo dira Herriko Plazan.
Zapatuan, jaietako ekintza nagusienetarikoa egingo da; Mairuaren Alardea. Aldatu zenetik hamar urte pasa dira dagoeneko eta aurten buruzagi berria estreinatuko da Joseba Iparragirrek erretiroa hartuko baitu eta Lander Dominguez estreinatuko da. Horrez gain, beste lagun bati agurra egingo diote: "Jose Angel Arbulu ofiziala izan da, eskopetarien buru bezala ibili da urte pila batez, eta aurten nola ez, akordu bat izango dugu berarekin eta omenaldia egingo diogu", azaldu du Antzuolako Kultura teknikari Jone Larrañagak.
Domekan ere izango da zertaz gozatu: herri bazkaria egingo da herriko Plazan Ez Dot Moztuko Bizarrak antolatuta. Oso jendetsuak izaten diren Larrain dantza eta AKEkoen eskutik, pintxo dastaketa ere egingo dira arratsaldean, gauerdiko Hontzaren igoeraren aurretik.
Txosnagunean ere askotariko ekintzak izango dira. Berritasun moduan, zapatuan bazkaria egingo dute, adibidez, eta goizalderako, gaupaseroendako jatekoa ere jarriko dute txosnetan.