Erritmo onean doa Elikagai Bankuaren urteko bilketa nagusia

Koldo Zubia Salas

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak urteko bilketa-kanpaina nagusia egiten dihardu, atzo, egubakoitza, eta gaur, zapatua. Debagoienean ere hainbat herri eta saltokitan dabiltza ekarpenak jasotzen. Oñatin izan da Goiena, eta, bertan, bilketa "ondo" doala dio Oñatiko Acesma elkarteko Ibis Rodriguezek. 

Gipuzkoako Elikagaien Bankua urteko bilketa-kanpaina nagusia egiten dabil, eta Debagoienean herritarrek elikagaiak edo dirua emateko aukera daukate gaurko eguna amaitu bitartean. Kanpainaren helburua, egoera zaurgarrian dauden pertsonendako elikagaiak biltzea eta banatzea da.

Bi eguneko kanpaina izan arren, atzean urte osoko lana dago. Hala adierazi du Oñatiko Acesma elkarteko Ibis Rodriguezek: "Gaur jasotzen ari garena denbora tarte jakin batean banatzeko da. Izan ere, Gaur egun dauden behar handiekin ez da dena hornitzen. Horregatik bi bilketa egiten dira, bata udaberrian, eta bestea, orain egiten ari garena, urteko bilketa handia. Elikagaiak biltegira eramaten dira, kasu honetan Bergarara, eta, bertan, unitate eta supermerkatu guztietan jasotzen diren elikagaien kudeaketa administratiboa egiteaz arduratzen dira". 2025eko irailetik 2026ko irailera bitartean, 2.073 tona elikagai batu dituzte, Gipuzkoako 13.000 pertsonen artean banatzeko. Banaketa hori 140 bat gizarte-erakunderekin elkarlanean egiten dute.

Boluntarioak, ezinbestekoak

Bilketa handiaren bidez, urte osoko banaketa-lanerako baliabideak eskuratzen dituzte. Horretarako, parte hartzen duten saltokietako sarreretan boluntarioak daude, elikagaiak jaso eta bakoitza dagokion kaxan sartzeko lanetan. Elikagai ez-galkorrak eskatzen dituzte bereziki: lekaleak, kontserbak, olioa eta gailetak, besteak beste. Pixoihalak eta haurrentzako produktuak ere jasotzen dituzte. Elikagaiez gain, diruz laguntzeko aukera ere badago. Saltokietan bonuak eros daitezke, edo diru-ekarpenak egin daitezke Bizum bidez, 03980 kodea erabilita, banku-transferentziaz edo Elikagaien Bankuaren webgunearen bitartez. Diru horrekin, egoera zaurgarrian dauden pertsonek unean behar dituzten produktuak erosten dituzte, elikagai freskoak batez ere.

Oñatiko Eroski supermerkatuan izan da Goiena, eta, han, behintzat, lanean ibili diren boluntarioak konforme daude jasotakoarekin. "Oñatin beti ondo ibiltzen gara, jendeak asko laguntzen du eta ondo gabiltza", esan du Rodriguezek. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak