Gipuzkoako Elikagaien Bankuak "urteko elkartasun-kanpaina nagusia" egingo du, egubakoitzean eta zapatuan. Debagoieneko herrietan ere izango du eragina ekimenak: eskualdeko hainbat supermerkatu eta janari dendetan egongo da ekarpena egiteko aukera. Hain zuzen, kanpainarekin bat egin duten saltokietako sarreretan aurkituko dituzte herritarrek boluntarioak. Dohaintza egin nahi duenak, beraz, bertan izango du horretarako aukera. Gipuzkoako Elikagaien Bankutik azaldu dutenez, aurten ez dago berritasun berezirik: "Urtero moduan, elkartasuna eskatzen dugu; funtzionamendua betikoa izango da". Azaldu dute, bi egun horietan jasotako ekarpenekin urte osoan egiten duten banaketa-lana eusten laguntzen dutela.
Zein ekarpen egin daiteke?
Elikagai ez-galkorrak jasoko dituzte, eta bereziki beharrezkoak dira: lekaleak, kontserbak, olioa eta gailetak. Horiez gain, pixoihalak eta haurrentzako produktuak ere eskertuko dituzte.
Elikagaiez gain, diruz laguntzeko aukera ere izango da. Herritarrek bonuak erosi ditzakete parte hartzen duten saltokietan, edo zuzenean diru-ekarpena egin Bizum bidez (03980 kodea), banku-transferentzia bidez edo Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren webgunearen bitartez.
Dohaintza horiei esker, momentuan behar diren produktuak erosi ditzakete; bereziki, elikagai freskoak, "onuradunei elikadura askotarikoagoa eta ugariagoa" eskaintzeko.
13.000 pertsonari laguntza
Bilketa Handiaren atzean dagoen beharra erakusten dute Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren azken datuek. 2025eko irailetik 2026ko irailera bitartean, 2.073.000 kilo elikagai banatu dituzte, lurraldeko 13.000 onuradunen artean. Pertsona bakoitzari, batez beste, hilean 11,5 eta 12 kilo elikagai artean dagozkio.
Banaketa hori posible egiteko, 140 bat gizarte-erakunderen sarearekin egiten dute lan. Horrez gain, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bi biltegi ditu: Oiartzunen eta Bergaran. Azken hori, Debagoienean dago, eta lurraldeko elikagaien bilketa eta banaketa antolatzeko azpiegituraren parte da.
DYA enbaxadorea aurten
Aurten jakinarazi dute Gipuzkoako DYA izango dela Bilketa Handiaren enbaxadorea. Erakundeak bere "irudia, esperientzia eta mobilizatzeko gaitasuna" jarriko ditu kanpainaren zerbitzura, herritarren parte-hartzea sustatzeko. Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak dio Bilketa Handiak urtero erakusten duela Gipuzkoak zer lor dezakeen "herritarrok, boluntariook, enpresok eta erakundeok elkarrekin lan egiten dugunean". Era berean ekarpen guztiak baliagarriak direla gaineratu dute: "Laguntza oro da baliagarria. Gipuzkoak bat egiten duenean, urrunago iristen da elkartasuna".