Oñatiko Unibertsitatea arkeotopaketako zuzendari Alvaro Arrizabalagaren arabera, aurtengo arkeotopaketen hitzordua taldearen ibilbidean mugarri izan da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren arabera, GIZAPRE taldeak Euskal Unibertsitate Sistemako Humanitate eta Gizarte Zientzien arloko kalifikaziorik altuena jaso du: "EHUko gure taldeak oso nota ona atera du, eta horren harira antolatu dugu topaketa", azaldu du Arrizabalagak.
Atzoko bileraren helburua, batetik, taldeko ikertzaileek elkar ezagutzea izan zen, fakultate ezberdinetan banatuta baitaude, eta, bestetik, ikerketa-ildoak aurkeztea. Taldeak hamar ikerketa-ildo ditu, eta 2030era arteko estrategia ere izan zuten hizpide.
Gaurko saioan, berriz, EHUko GIZAPRE taldeko ikertzaileak eta Bordeleko Unibertsitateko PACEA taldeko beste ikerlari batzuk elkartu dira. Helburua Historiaurreko Ikerketarako Mugaz Gaindiko Laborategia sortzeko aukerak aztertzea da. Ekimenak Euskal Herri osoko ikerketak biltzea eta Europako, Afrikako eta Asiako beste eremu batzuetan egiten diren ikerketa arkeologikoekin loturak sustatzea du helburu.
Jaturabe, nazioarteko erakusleihoan
Arkeotopaketetan Jaturabeko aztarnategiak ere izan du bere lekua. Naroa Garcia-Ibaibarriaga EHUko irakaslea eta Jaturabe IX. indusketa-lanen zuzendaria da, eta azaldu duenez, 2018tik ari dira bertan lanean. Ikerketa horren berri, gainera, nazioartean emateko aukera izan dute: irailean Polonian egindako mundu mailako kongresuan aurkeztu zuten aztarnategia: "Ikerlariontzat salto garrantzitsua izaten da mundu mailako kongresu batean aztarnategia aurkeztea", nabarmendu du Garcia-Ibaibarriagak. Izan ere, Jaturabe inguruan ezaguna bada ere, nazioarteko ikerketa-komunitatean oraindik ez da oso ezaguna. "Garrantzitsua da mundu mailan aditzera ematea aztarnategiaren nolakotasuna eta zer material aurkitzen den, beste ikertzaileek jakin dezaten zer daukagun hemen", azaldu du.
Kronologiari dagokionez, indusketetan Erdi Paleolitora iritsi dira, hau da, gizakiaren aurreko giza espezieen garaira. "Duela urte batzuk iritsi ginen Erdi Paleolitora, eta maila horietan sakontzen jarraitzen dugu", azaldu du. Oraindik ez dute datazio zehatzik, eta iaz egindako laginketen emaitzen zain daude. Aurretik zituzten erreferentzien arabera, aztarnategiko materialak 60.000 urte baino lehenagokoak dira.
Jaturabe, beraz, ikerketa-ildo nagusietako bat da taldearentzat, eta Arkeotopaketetan ere presente egon da. Oñatiko topaketek, bestalde, tokiko ikerketak nazioarteko sareetara zabaltzeko eta Euskal Herri osoko ikertzaileen arteko elkarlana sustatzeko balio izan dute.