Erdi Paleolito garaiko geruzetara iritsia daude Oñatiko Jaturabe IX koban egindako indusketa-lanetan, eta geruza horietan sakontzea izan da aurtengo lanen helburua. Garai historiko berean jarraitzen dute, Erdi Paleolitoan, baina maila berriak dira aurtengoak, eta Homo neanderthalensis-era heldu direla ondorioztatu dute bertan lanean ari direnek; hau da, 40.000 urte baino gehiagoko aztarnak topatu dituzte.
Oraingoz ez dute giza aztarnarik edo giza hezur fosilik aurkitu, nahiz eta ikertzaileek aukera hori ez duten baztertzen, baina bai neandertalen bizimoduaren parte ziren arrastoak. "Orduko giza espezieak egunerokotasunean erabiltzen zituen lanabesen edo egiten zuen bizimoduaren aztarnak agertu dira koba horretan. Hau da, haiek kontsumituak izan diren animalien aztarnak –hautsiak, kolpatuak edo erreak daude asko– , eta animalia haiek prozesatzeko eurek erabiltzen zituzten harrizko erremintak, tresnak", dio indusketa lanak gidatzen ari den Naroa Garcia historialari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak.
Orain arte aurkitu eta ikertutakoaren arabera, badirudi koba hura tarteka erabiltzen zutela orduko gizakiek, momentu puntualetan joaten zirela hara. Agian, ez bide nagusia, baina Araozko bailara garaiko igarobide garrantzitsua zela pentsarazten die horrek.
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Oñatiko Udalak duten lankidetza-hitzarmenaren baitan kokatzen dira lan hauek.