San Migel eguna jai giroan hasi dute gaur, Oñatin. Goizean, txistulari eta Bandarekin batera kalejiran aritu dira herritarak. Hau amaituta, plazan elkartu dira herritar ugari, Bandak eguerdiko kontzertua eskaini baitu bertan.
Txikienek ere izan dute euren lekua egitarauan. Olaitturrin haur parkea zabaldu dute, eta ume ugari gerturatu dira bertako jolas eta puzgarriez gozatzera.
Jaiak hasi besterik ez dira egin
Atzo iluntzean hasi ziren ofizialki San Migel jaiak, Txantxikuaren jaitsierarekin. Herritar ugari elkartu ziren urteroko hitzorduan, eta ondoren Joselu Anaiak taldeak girotu zuen plaza. Gauean, berriz, nagusien danborradak hartu zituen kaleak: sei konpainiekin batera, 128 kinto atera ziren aurten, hiru taldetan banatuta.
Bihar San Migel Bixamona ospatuko dute, eta asteburuan Errosarixo jaiek hartuko dute lekukoa. Ospakizunek urriaren 5eko Errosarixo Bixamonara arte jarraituko dute.