Oihan Basterrak eta 'Lau' txakurrak eroan dute txapela Oñatin

Txomin Madina Milikua

Santa Lutziako zelaiek hartu dute beste behin Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketa. Hamaika izan dira parte-hartzaileak; gehienak Euskal Herrikoak, baina egon da Tarragonatik eta Castellótik etorri denik ere.

66. aldiz egin dute gaur goizean Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa eta jende ugari elkartu da Santa Lutziako zelaietan proba bertatik bertara jarraitzeko.

Hamaika izan dira denera parte-hartzaileak, eta bi ariketak osatu dute txapelketa. Lehenengoan guztiek hartu dute parte, eta puntuazio altuena lortu duten bostak pasatu dira hurrengo fasera. Hauek izan dira bost onenak:

1- Karlos Ardanza eta Mendi (Bizkaia), 240 punturekin.

2- Imanol Diaz eta Loli (Bizkaia), 235 punturekin.

3- Oihan Basterra eta Lau (Araba), 228 punturekin.

4- Jose Maria Pleguezuelos eta Aritz (Tarragona), 225 punturekin.

5- Juli Bayot eta Tuca (Castello), 222 punturekin.

Bigarren ariketarako sailkatu direnek, zazpi minuturen barruan banderekin seinalatutako bidea egin eta ondoren artaldea eskortara sartu eta bertatik atera behar izan dute. Eta behin egin beharreko guztiak eginda, Arabako Goiuri herriko Oihan Basterra eta Lau izan dira puntuazio altuena lortu eta txapela etxera eroan dutenak.

Ardiak, "urduri"

27 urteko gaztea pozik agertu da lorpenarekin, nahiz eta bere esanetan txapelketa "arraroa" izan den: "Ardiak oso urduri zeuden, ez zuten txakurrarekin lan egin nahi. Lasterketa asko egin dituzte dituzte ardiek eta azkenean akats gutxien egin dituen txakurrak irabazi du". Lau txakurra beti ondo portatzen dela ere gaineratu du arabarrak, eta gaur otordu bereziren bat ere izango duela sari moduan: "Mimo eta laztan asko ari da jasotzen eta berak ere badaki irabazi duela, igartzen du!".

Oihan Basterra eta 'Lau', txapelketa irabazi ostean

Gainerako parte-hartzaileen adina ikusi besterik ez da egon Basterraren gaztetasuna nabarmentzeko, eta azaldu duenez, etxetik datorkio zaletasuna: "Aitak betidanik izan da artzaina, ardiak txikitatik izan ditut. Momentu batean txakur bat hartu, berarekin entrenatzen hasi, asko gustatu eta pixkanaka-pixkanaka gaur nagoen tokira heldu naiz".

Aurtengo edizioaren inguruko balorazioa eskatuta, antolakuntza taldeko Joxe Mari Bengoak azken hilabeteetako eguraldiari egin dio erreferentzia: "Maila handia egon da, baina zaila izan dute parte-hartzaileek: zelaia oso lehor zegoen, ez zegoen belarrik, ardiak ez ziren geldi egoten eta txakurrei egin diete. Ez dute lan erraza izan! Eguraldiaren ondorioak ere igarri dira txapelketan!". Bengoa gustura agertu da herritarren partetik txapelketak izan duen erantzunarekin: “Zintzo eta zaratarik egin gabe egon dira. Ez dugu kexarako motiborik!”. Aurtengo irabazlearen adina ikusita,  gaineratu du belaunaldi berriak, tantaka bada ere, animatzen ari direla animatzen txapelketetara.

Aurtengo parte-hartzaileak, sari-banaketaren ostean.

Azken sailkapena

1.- Oihan basterra eta Lau (Araba), 458 punturekin.

2.- Juli Bayot eta Tuca (Castelló), 452 punturekin.

3.- Imanol Diaz eta Loli (Bizkaia), 385 punturekin.

4.- Karlos Ardanza eta Mendi (Bizkaia) 368 punturekin.

5.- Jose Maria Pleguezuelos eta  Aritz (Tarragona), 317 punturekin.

6.- Juan Mihura eta Lur (Nafarroa Beherea), 206 punturekin.

7.- Stephanie Laforet eta Jill ( Nafarroa Beherea ), 197 punturekin.

8.- Karlos Mendibil eta  Lur (Araba), 153 punturekin.

9.- Aitor Tato eta Sua (Gipuzkoa), 46 punturekin.

10.- Ismael Boix eta Jany (Castelló), 40 punturekin.

11.- Jesus razkin eta Mendi (Gipuzkoa), 26 punturekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak