Bukatzear da Sancti Spiritus unibertsitateko berritze lanen lehen fasea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bisita gidatuak egin ditu, herritarrek berritze-lanak xehetasunez ezagutzeko. Ekimenak harrera oso ona izan du, eta 80 pertsona inguru hurbildu dira, bisita egin eta Foru Aldundiko teknikarien azalpen zehatzak entzutera.
Herritarrak pozik aukerarekin
Bertaratu diren herritarrek azaldu dutenez, pozgarria da Foru Aldundiak egin duen gardentasun ariketa, eta pozik aurkitu dira unibertsitateko lanak bisitatzeko aukerarekin. Horrelako ekimenen beharra dagoela adierazi dute, bisita oso interesgarria izan dela nabarmenduz. "Herrian galdetzen ari ginen ea unibertsitateko aldaketa hauek zergatik etorri diren, eta informazio asko jaso dugu. Oso interesgarria izan da", azaldu du herritar batek. "Ekimen oso interesgarria iruditu zait. Gauza asko egiten dira baina administrazioaren partetik ez dugu jakiten zergatik eta zertarako egin diren, edo zenbat kostatu den eta nola finantziatu den. Interesgarria iruditu zitzaidan izena eman eta informazioa jasotzea".
Balorazio positiboa
Ika-mika ugari sortu dituzte unibertsitateko lanek oñatiarren artean, aldaketak ez dira eta mundu guztiaren gustuko izan. Bisitak polemika baretzen lagundu du, izan ere, bi ordu inguruko bisitaren eta azalpen zehatzen ostean, egin diren berrikuntzak positiboki baloratu dituzte herritarrek. "Aldaketei dagokionez, hasieran ez zitzaidan gustatu, baina bisitaren ostean, aldaketa egiteko funtsezko arrazoiak daudela ikusi ahal izan dut", azaldu du, esaterako, oñatiar batek. "Hasiera baten, aldaketen kontra nengoen, beti ezagutu izan ditugulako unibertsitateko paretak harriekin, baina gero eta politago ikusten dut orain, azalpenak entzun ostean eta zergatia ulertu ostean", azaldu du beste batek.