Ikusmina, Sancti Spiritus unibertsitate berritua ezagutzeko

Josu Bilbao Atxutegi

Oñatiko Sancti Spirituko unibertsitateko berritze-lanetako lehenengo fasea bukatzear dago, eta gaur, bisita gidatuak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Arrakasta handia izan dute Oñatiko unibertsitate historikoan egiten ari diren berritze-lanak xehetasunez ezagutzeko bisita gidatuek. Gaur, 80 herritarrek ezagutu ahal izan dituzte lanak Foru Aldundiko teknikarien eskutik, eta bi ordu inguruko bisitaren eta azalpen zehatzen ostean, egin diren berrikuntzak "positiboki" baloratu dituzte herritarrek GOIENAren mikrofonoaren aurrean.

Hasiera baten kanpoko hormetan harriak estaltzeko erabakiarekin ados ez egon arren, "teknikarien azalpenak entzun ostean, eraikinaren izaera historikoa balioan jarri" dutela, azaldu du herritar batek.

"Herrian galdetzen ari ginen ea unibertsitateko aldaketa hauek zergatik etorri diren, eta informazio asko jaso dugu. Oso interesgarria izan da. Hasiera baten, aldaketen kontra nengoen, beti ezagutu izan ditugulako unibertsitateko paretak harriekin, baina gero eta politago ikusten dut orain, azalpenak entzun ostean eta zergatia ulertu ostean", adierazi du bisitan parte hartu duen oñatiar batek.

"Ekimena oso interesgarria iruditu zait, administrazioen aldetik gauza asko egiten direlako eta ez dugulako zergatia sarritan ezagutzen –zenbat kostatu den, zeinek finantzatu duen...–. Horrelako gehiago egon beharko lukete. Eta aldaketei dagokionez, hasieran ez zitzaidan gustatu, baina bisitaren ostean, aldaketa egiteko funtsezko arrazoiak daudela ikusi ahal izan dut", esan du beste oñatiar batek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak