Iazko abuztutik dago itxita fonda: izan ere, 1999tik kontzesioa zuen Urbiako Fonda S.L. enpresako altubetarrek eta altzelaitarrek 2022ko udaberrian fondaren ustiaketa uzteko erabakiaren berri eman eta gero, Peio Bilbaok eta Naiara Romatetek hartu zieten lekukoa eta hiru urtez jardun, baina enpresa jabeekin akordiora ailegatu ezin eta ez jarraitzea erabaki zuten.
Idiazabal, Segura, Zegama, Zerain, Domeniliaga eta Asparrenako udalek osatzen duten Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoa da eraikinaren jabe, eta, Urbiako Fonda S.L. enpresak kontzesioa utzi zuenetik, baita kudeaketaren arduradun ere. Eraikina berriztea dute lehen helburu.
Lanak martxan
Aste honetan bertan ekin diote teilatua konpontzeari; urrirako bukatu gura dituzte lanok, eta, ostean, argiteria sarea eta instalakuntzak berritu, urtea bukatu baino lehen. Datorren urtean, berriz, energia sortzeko plaka fotovoltaikoak ipintzea, sukalde berria jartzea eta lau bat logela egokitzea da asmoa, azken urteetan taberna eta jatetxe zerbitzua bakarrik eskaini bada ere bertan, lo egiteko zerbitzua ere martxan jarri nahi dutelako berriz. Lanen aurrekontu orokorra 400.000 euro ingurukoa da, eta ideia da datorren udaberrian zerbitzuaren lizitazioa deialdi publikora ateratzea, ahalik eta bizkorren ateak zabaltzeko.
Kontzesioa bost urterako egitea da buruan dutena –gustura egonez gero, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin–, baina hori eta gainontzeko baldintzak ere zehazten ari dira uneotan.
Jada zehaztuta daudenak ate joka dugun San Inazio egunera begirakoak dira, jan-edana eta festa bermatuta daudelako: Txomin Parrillak jarriko du jatekoa, Basabe garagardoek edatekoa, eta meza, herri-kirol saioa eta musika ere ez dira faltako.