ALBISTEAK

Onekok 180 eguzki panel jarriko ditu Eltzian

Gontzal Belategi Zubia 2026ko uztailaren 9a

Egitasmoaren lehen proiektua iragarri du Oneko Oñatiko Energia Komunitateak. Eltziako teilatuetan jarriko duten instalazio fotovoltaiko bat izango da. Urtean 101.000 kWh sortzea da aurreikuspena, eta parte hartzeko interesa duten herritar guztiei irekita egongo da.

Duela urtebete baino gutxiago sortu zen Oneko Oñatiko Energia Komunitatea; zehazki, 2025eko irailean. Eta, poliki-poliki, aurrerapausoak ematen dabil. Pauso horien emaitza atzo, eguaztena, aurkeztu zuten herritarren aurrean: egitasmoaren lehen proiektua iragarri zuten. Eltziako teilatuetan jarriko den instalazio fotovoltaiko bat izango da, 180 eguzki panelez osatua.

Helburu handiko proiektu txikia

Kultu etxeko zinema-aretoan egindako aurkezpenean azaldutakoaren arabera, proiektuaren baitan jarriko diren 180 eguzki plakek 101.000 kWh sortuko dute urtean. Onekoko lehendakari Raul Garciak esan duenez, proiektu txikia da, baina hainbat helburu izango dituena: "Ez da proiektu handia eta jende asko apuntatzen bada ez du askorik emango, baina asmoa, hori baino gehiago, jendeak energia komunitate bat zer den jakitea da. Lehen proiektua denez, kontzientziazio puntu hori sartzea ere badugu helburu". Instalazioak, osotara, 350 metro karratuko azalera hartuko du.

Proiektua interesa duten herritar guztiei irekita egongo da, baina, Garciak dioenez, parte hartu ahal izateko aurrez bazkide egin beharko da. Bazkidetza zein proiektuan parte hartzeko eskaera oneko.eus atarian egin daiteke. Eskaera paketeka egingo da, eta, hasiera batean, pertsonako pakete bakarra hartu ahalko da, nahiz eta, pakete guztiak banatuko ez balira, gehiago hartzeko aukera egongo den. Pakete bakoitzak 200 euroko prezioa izango du, eta urtean 30 euroko mantentze kuota bat ordaindu beharko da. Paketeen eskaera egiteko epea uztailaren 17an amaituko da.

Aurreikuspenen arabera, zazpi urteren bueltan egindako ekarpena amortizatuta egongo litzateke: "Jarritako diru hori zazpi urtean amortizatuta egotea espero dugu. Zenbaki erakargarriak direla uste dugu, baina, esan bezala, hau ez dugu diruarengatik soilik egiten. Kontzientziatzea eta jendea mundu honetan sartzea nahi dugu". Instalaziotik datorren energia norbere kontsumotik deskontatuko da, hilero, eta fakturan aurrezpen bat ekarriko du. Instalazioak 25 urteko biziraupena izango duela uste dute.

Garciak azaldu duenez, helburua urtea amaitu baino lehen proiektua martxan egotea da: "Hil bukaeran jendeari helaraziko diogu zenbat pakete esleitu zaizkion, eta zein datu behar ditugun. Proiektuaren instalazioa irailean hastea da asmoa, kontratatu dugun enpresarekin ikusi behar dugu hori, baina urte amaierarako martxan egotea espero dugu".

Energia komunitatea aurkezten

Eguazteneko aurkezpenaren helburua, proiektuaren berri emateaz gain, bazkide ez diren oñatiarrei energia komunitatearen berri ematea izan zen: "Lehenengo, gure energia komunitatea aurkeztu dugu. Etorri diren pertsona asko bazkide dira dagoeneko, baina beste batzuk ez, eta, orduan, lehen puntua energia komunitatearen aurkezpena izan da". Garciak azaldutakoaren arabera, Udalaren bultzadari esker sortu zen egitasmoa: "Udalak bultzatuta hasi zen egitasmoa, aurrekontu parte-hartzaileetatik. Gerora, ibilbide bat egin dugu, kooperatiba bat sortu genuen, eta proiektu bat landu dugu. Erabaki dugu zein proiektu egin nahi dugun, non izango den eta zein aurrekontu izango duen. Orain, hori guztiori herriari aurkeztu nahi diogu".

Gaur-gaurkoz, bederatzi kidek osatzen dute Oneko, eta 48 bazkide dituzte. Guztiak batzen dituena energiaren gaiarekiko kezka da: "Bederatzi oñatiar gara, guztiak boluntarioak eta gauzak egiteko gogoarekin. Energiaren gaia gustatzen zaigu, eta arduratuta gaude gai horrekin. Orduan, guztion artean landu dugu egitasmoa eta sortu dugu kooperatiba". Energiaren auzia larria dela eta herritarrek egoera aldatzeko zerbait egin behar dutela uste du lehendakariak: "Badakigu nolako arazoa dugun energiarekin, eta, orokorrean, ingurumenarekin. Gure ustez, herritarrok ere zerbait egin behar dugu, ezin gara Gobernuak gauzak martxan jarri arte zain egon".

Eltzian jarriko dituzten eguzki panelak

65 eguzki panel jasoko dituen teilatu zatia. (Argazkia: Oneko)

115 eguzki panel jasoko dituen teilatu zatia. (Argazkia: Oneko)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak