Oñatiko Udalak 360 graduko mapa turistiko berria aurkeztu du gaur, herriko ondare historiko eta kulturala modu "berritzaile eta murgiltzailean" ezagutzeko aukera emango duen tresna digitala. Bereizmen handiko 360 graduko irudiei esker, erabiltzaileek eraikin eta espazio historikoen barrualdea xehetasun guztiekin bisitatu ahal izango dute, bertan egongo balira bezala.
Herriko ondareak, barru-barrutik
Mapa berriak Oñatiko Unibertsitatea, San Migel Parrokia, Bidaurreta monasterioa, Txokolateixia eta San Migel errota barrutik bisitatzeko aukera eskaintzen du. Horrez gain, normalean bisitagarri ez diren zenbait gune ere ikus daitezke, hala nola Bidaurreta monasterioko klaustroa edo San Migel parrokiako kanpandorrea. .
Horregatik, Oñatiko alkateordea den Xabier Igartuarentzat, plataforma herritarrentzat ere interesgarria izango da, orain arte publikoarentzat itxita egon diren espazio horiek ezagutzeko aukera emango duelako tresna honek. "Interesgarria dela iritzita, bisitatu ezin diren gune horiek ere gehitzea erabaki dugu. Oñatiarrek ere aukera izango dute beraz, ezezagunak diren gune horiek 360 graduko teknologiaren bidez ikusteko", nabarmendu du.
Herrigune historikoko bost eraikin nagusien barrualdeaz gain, plataformak kanpotik ezagutzeko moduko beste hainbat eraikinen informazioa ere eskaintzen du: Udaletxea, Lezarraga jauregia, Antia jauregia, Madinabeitia jauregia, Zumeltzegi dorretxea eta Santa Marina plaza.
Naturguneei dagokienez, Arantzazuko santutegia barrutik ikusteko aukera dago. Arrikrutz koben, Aizkorri-Aratz Natura Parkearen eta inguruko beste hainbat kokalekuren informazioa ere eskuragarri dago. Bertatik bisita gidatuak erreserbatzeko aukera ere badute erabiltzaileek.
Jada erabilgarri
Plataforma dagoeneko eskuragarri dago duela gutxi berritu duten turismoa.oñati.eus webgunean. Etorkizunean banatuko diren eskuorri turistikoetan, QR kodeak txertatuko dira, erabiltzaileak zuzenean dagokion edukira eramateko. Gainera, herrian ezarritako seinalizazioari, "360º" dioen logotxoa gehitu diote, herritar zein bisitariek jakin dezaten, txoko horiek mapa interaktiboan ere ikusgai daudela.
Sisu S.L. enpresaren eskutik garatu da proiektua, eta 14.700 euroko aurrekontua izan du (BEZa kontuan hartu gabe).