Herriaren nortasuna indartzea eta etorkizuneko turismo-eredua modu jasangarri, inklusibo eta koherentean eraikitzea dago Oñatiko turismo marka berriaren oinarrian eta horixe irudikatu gura du irudi berriak.
Duela urtebete pasa hasi ziren marka berria lantzen eta marka eskuliburua ere atera dute turismo moduan bistarazi gura diren elementuetan nola erabili laguntzeko. Oñatiren O hizki beltza da irudia, lauki karratu baten barruan dagoena eta barrua hutsik duena, Oteizak Arantzazuko apostoluen lana egiteko erabili zuen teoria oinarri hartuta. Lau ardatz nagusi nabarmentzen ditu eta bakoitza kolore batekin nabarmenduko da: kultura izango da gorria, natura berdea, ondarea marroia eta gastronomia horia. Herriaren nortasuna indartzea eta etorkizuneko turismo-eredua modu jasangarri, inklusibo eta koherentean eraikitzea dago Oñatiko turismo marka berriaren oinarrian eta horixe irudikatu gura du irudi berriak.
Markarekin batera, turismoko webgunea ere berritu egin dute. Telefono mugikorrarekin ikusi eta kontsultatzeko moduan egin dute, bisitariek zein bertakoek eroso erabiltzeko moduan. Bideoak eta argazkiak zintzilikatu dituzte bertan eta berritu egingo dituzte urtaroak aldatu ahala.
Webgunean ere ikusiko da irudi berria. Baita atera dituzten esku-orrietan eta karteletan ere. Izan ere, euskarri ezberdinetan ikusiko da aurrerantzean irudi berria.
Oñatiko Bigga.studiok –Miren Anduaga eta Lezuri Ormazabal– egin du irudi berria, Nagore Goñirenak dira argazkiak eta Dragoik egin ditu bideoak.
Seiñaleak aldatu egingo dituzte
Irudiak duten tipografia bera erabiliko dute turismoko seiñale berriak jartzeko ere; zaharrak kendu eta berriak jarriko dituzte datorren astetik aurrera. Adibidez, itxura berria du dagoeneko San Lorentzo auzoan ordua eta tenperatura ematen dituen zutabeak.