Hitzarmena sinatu dute Oneko Oñatiko Energia Komunitateak eta Fagor Taldeak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 29a

Garcia eta Otxandiano hitzarmena sinatu ostean, Eltzian.

Energia Komunitateko bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor, eta 110.000 euroko ekarpena egingo du. Urrats berriak ere iragarri ditu Onekok, eta uztailaren 8an, lehen proiektua aurkeztuko du.

Hitzarmena sinatu dute gaur, astelehena, Oneko Oñatiko Energia Komunitateak eta Fagor Taldeak. Raul Garcia Onekoko lehendakaria eta Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna izan dira energia komunitateak Eltzian duen bulegoan egin den sinatze ekitaldian.

Hitzarmena sinatuta, Onekoko bazkide laguntzaile bihurtu da Fagor, eta 110.000 euroko ekarpena egingo dio energia komunitateari, hamar euro biztanle bakoitzeko. Horrez gain, kooperatiben funtzionamenduan eta proiektu komunitarioetan duen jakintza oinarri, Onekoren bidelagun izateko borondatea erakutsi du Fagorrek.

Hitzarmenarekin pozik

Bi aldeak pozik agertu dira sinatutako hitzarmenarekin. Onekoko lehendakariak azaldu duenez, beraientzat garrantzi handiko hitzarmena da hau: "Guretzat oso garrantzitsua da Fagor Taldearekin sinatu dugun hitzarmena". Fagorrek egitasmoari ekarpen handia egin diezaiokeela gaineratu du: "Alde ekonomikotik, egonkortasun ekonomikoa emango digu gure proiektu eta ekintzak martxan jartzeko. Bestalde, Fagor Taldea moduko erakunde handi bat gure bazkide laguntzaile izatea, beraiek duten ezagutzarekin eta egin dezaketen ekarpenekin, oso ondo etorriko zaigu".

Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak trantsizio energetikoaren auzian herritarren inplikazioak duen garrantzia balioan jarri nahi izan du: "Guretzat oso garrantzitsua da trantsizio energetikoan ere herritarrak inplikatzea, trantsizioa sustatuko duen bulkada komunitario bat egotea. Zentzu horretan, energia komunitateak dira horretarako tresna egokia".

Arrakastatsua izateko baldintza egokiak

Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren baitan sinatutako hitzarmena da Onekorekin sinatutakoa: "Fagorrek bere iraunkortasun estrategiaren barruan konpromisoa du hartuta parte den lurraldean egin beharreko trantsizioan bere ekarpena egiteko". Bide horretan, Onekoz gain, bailarako gainontzeko energia komunitateen bazkide laguntzaile ere bada, zehazki, Leintz Bailarako Ekiolakoa (Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza); Ixotzenekoa (Elgeta); Berenerrekoa (Bergara) eta Esnargikoa (Eskoriatza).

Oñatiren kasuan, ekimen sortu berria den arren, arrakastatsua izateko baldintzak daudela uste du Otxandianok: "Bailaran energia komunitateak joan dira sortzen herri ezberdinetan, eta guk guztietan hartu dugu parte. Oraingoan, Oñatin sortu da bat, Oneko, eta uste dugu Oñatin bereziki baldintza onak daudela horrelako ekimen batek arrakasta izateko, Oñatik energiaren munduan duen tradizioagatik eta orain arte egindako ibilbideagatik".

Lehen proiektua bidean

2025eko irailean sortu zen Oneko, eta egun 48 bazkide ditu. Gaurko ekitaldian, hitzarmena sinatzeaz gain, urrats berriak ere iragarri dituzte. Garciak azaldu duenez, uztailaren 8an aurkeztuko dute lehen proiektua, 19:00etan, Oñatiko kultura etxeko zine aretoan. Proiektuak instalazio fotovoltaiko bat izango du oinarri, eta pozik daudela aitortu du: "Instalazio fotovoltaiko bat izango da gure lehen proiektua eta oso pozik gaude. Espero dugu nahikoa jendek izena ematea".

Aurkezpen ekitaldia herritar guztiei bideratuta egongo da. Azaldu dutenez, lehen proiektu horrekin batera, energia komunitatea bera hedatzen jarraitzea izango da helburua, eta uztailaren bukaerara bitarte luzatuko litzatekeen izen-emate berria zabaltzeko asmoa iragarri dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak