Torreauzo eta Usako eta Exibai baserriak lotzen dituen bidegorriko lanak –GI-3593 errepidean– bukatu dituzte eta erabilgarri dago. Udalak emandako datuen arabera, guztira 710.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsak izan dira finantzazio iturri nagusi –570.000 euroko diru laguntza lortu zuen Udalak–. Horrez gain, ia 100.000 euroko laguntza jaso du Gipuzkoako Aldunditik.
Torreauzoko zubitik hasi eta lehen metroetan eskumatik doa bidegorria, Chinchurreta enpresa igaro arte. Orduan, errepidea zeharkatu eta bidearen ezkerreko aldera egiten du. "Etxe Haundi jatetxeko eta Chinchurreta lantegiko joan-etorriek sor ditzaketen arriskuak saihesteko" egin dutela horrela azaldu du Xabier Igartua Loidik, Landa Garapeneko batzordeburua. Gaineratu du "pozik" daudela emaitzarekin, proiektuak zailtasun batzuk izan dituen arren: "Instalakuntzak eta mugitu beharreko horma bat zituen Upainguatik Usakorako bide zatiak, eta, horrek, obra zaildu du. Artean ere, ondo joan da, Next Generation funtsetatik eratorritako diru laguntzen justifikazio epearen barruan eta aurreikusitako inbertsioarekin bukatu da".

700 metroko bidegorria
Bidegorri zati honek 700 bat metro ditu eta Usakora modu erosoan eta seguruan egitea da esku-hartze honen helburua, auzotarrei euren joan-etorriak autoz egiten ahalbideratuta. Hala, proiektu hau Udal Gobernuak mugikortasun jasangarriaren alde hartuta duen konpromisoarekin bat datorrela esan du Izaro Elorza alkateak: "Mugikortasun jasangarriaren bidean, funtsezkoa da bizikletendako eta oinezkoendako bide seguruak eraikitzea. Horixe da Udal Gobernuaren konpromisoa. Bidea, seguruagoa, atseginagoa eta lasaiagoa da orain. Uda sasoian Usakora doazenendako ez ezik, urtean zehar darabilten askotariko herritarrendako ere izango da mesedegarri".
Proiektuarekin hasteko lehenbiziko pausua 2024ko iraileko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, aho batez. Proiektua onura publikotzat hartu zuten eta lurren desjabetzeen bideari hasiera eman zioten. Lanak Artzamendi enpresak egin ditu. 2025eko udaberrian hasi zituzten.

Ibilgailuendako aparkalekua, Munazategin
Lanak bukatuta, Udalak aurten ez du ibilgailuendako aparkalekurik egokituko Usako ondoan aurtengo udan. Munazategin utzi beharko dira autoak, "Urrexolako, Garagaltzako eta Zainartuko auzo alkateekin" adostuta, "jende gutxiago erakarriko duen arren, Usakorendako ona izango dela iritzita". Bestalde, Herribusak ere eskainiko du Usakoraino joateko zerbitzua aurtengo uda denboraldian ere.
Aldaketa honen berri emateko, informatzaile bat egongo da bainu denboraldiaren hasieran Usakoko sarreran, autoak bide bazterrean ezin direla utzi esateko eta Munazategira bideratzeko. Bide bazterrean aparkatzeak isuna ekar dezake.
Usakoko bainu denboraldia ekainaren 20tik irailaren 6ra egongo da zabalik. Tarte horretan sorosle zerbitzua egongo da 16:00etatik 20:00etara.
