Bidegorria egingo dute Usakoraino, eta proiektuarekin hasteko lehenbiziko pausua onartu du udalbatzak, aho batez, iraileko ohiko osoko bilkuran. Proiektua onura publikotzat hartu dute eta lurren desjabetzeen bideari hasiera eman.
Proiektua eginda dago eta jasotzen du bidegorria egongo dela Torreauzotik Usako sarreraraino, Ezibai baserriraino. Tarte horretan hiru jaberen lurrak pasatzen ditu bidegorriak eta jabe horiekin jarraituko du harremanetan orain Udalak, desjabetzeak adostuak izateko ahaleginean.
Next Generation funtsetik 569.000 euro jaso zituen Udalak proiekturako eta lurrak Udalaren eskuetan daudenean lizitatuko ditu bidegorriaren lanak, bizikletendako zein oinezkoendako izango dana. 700 metro inguru izango ditu zati berriak eta zati batean eskuinetik eta beste baten ezkerretik joango da: Torreauzotik hasita, eskuineko aldetik egingo da Chinchurreta enpresako sarrera-irteera pasa arte, han bidea gurutzatuko du eta ezkerreko aldetik jarraitu. Proiektu osoa Zuazolako zubiraino dago eginda. Hau da, bizikletek eta oinezkoek haraino joateko aukera izango dute bidegorria erabiliz. Lehen fase honen jarraipena izango litzateke hori.
Lehen faseko lanak aurten esleitzea da Udalaren nahai, eta lanak ere urtea bukatu aurretik hastea, udarako erabilgarri egon dadin bidegorria. Hori bukatuta, bizikletan edo oinez herrigunetik Usakoraino modu erosoan eta seguruan joateko modua izango dute herritarrek eta bisitariek, baita auzotarrek ere euren joan-etorriak autoz egiteko.