ALBISTEAK

Oñatiko Emakumion Etxiak zabaldu ditu ateak

Txomin Madina Milikua 2026ko maiatzaren 27a

2018ko partaidetzako aurrekontuetan proposamena moduan aurkeztu zen ideia errealitatea da dagoeneko Oñatin, Udalak eraikina erosi osteko zaharberritze lanen eta hainbat urtetako parte-hartze prozesu baten ondoren zabaldu dutelako Oñatiko Emakumion Etxia. Kale Zaharreko hamahirugarren zenbakian kokatuta, bertan dauden espazio eta baliabideen bidez askotariko ekintzak eta zerbitzuak eskainiko ditu; besteak beste, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa.

Zabalik dago Oñatiko Emakumion Etxia. Martitzen arratsaldean egin zuten irekiera ekitaldia eta etxekideak, herritarrak eta udal ordezkariak batu ziren okasiorako. Denek adierazi zuten euren poza 2020tik landutako prozesuak eman duen emaitzarekin. Prozesu luzea bezain emankorra izan dela azpimarratu zuten, eta gunera hurbiltzera eta erabiltzera gonbidatu zituzten herritarrak.

Funtzionamendua

Kale Zaharreko hamahirugarren zenbakian dago Oñatiko Emakumion Etxia eta horixe izango da sarrera nagusia. Lau espazio ditu, eskaeren eta eskaintzaren neurrira erabiliko direnak eta guztietan daude erraz toki batetik bestera mugitu daitezkeen altzariak. Sukalde bat, igogailua, komunak, pantailak eta atseden hartzeko tokia ere baditu eraikinak; baita sormenerako espazioa, bi gela eta beste bi bulego ere, aholkularitza juridikoa eta psikologikoa eskaintzeko. Aurrerantzean, eraikin horretan zentralizatuko da Jabetze Eskolako eskaintza ere. Bi teknikari –Jone Arrazola eta Irati Garai– egongo dira espazio horretan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Bakarrik sartu eta taldean irten

Ekainerako egitaraua prest dute dagoeneko eta aurrerantzean antolatuko diren ekitaldiak askotarikoak izan daitezkeela aurreratu dute. Izan ere, etxetik egingo diren ekintza denak lau printzipio izango dute oinarrian: ahalduntzea, feminismoa, intersekzionalismoa eta oinarri komunitarioa. Hala, gizonezkoendako espazioa ere egongo da, ahalduntzerako espazio mistoak ere bai eta baita LGTBQ kolektiborako berariaz zuzendutakoak antolatzeko ere.

Baina, ikastaroak, hitzaldiak, aholkularitza zerbitzuak edo ikuskizunak eskaintzeaz gain, Oñatiko Emakumion Etxiak baditu beste helburu batzuk ere: jendea elkartzeko espazio izatea, ikastaroen ostean gaiaren inguruan hitz egin eta sare berriak ezagutzeko aukera ematea eta datorrenari gertuko harrera beroa eskaintzea. Oñatiko Udaleko berdintasun teknikari Jone Arriolabengoak azaldu duen moduan, "maila indibidualetik kolektibora pasatzea da helburua, bakarrik sartu eta taldean ateratzea kanpora, saretuta eta baliabide eta babesgune gehiagorekin". Horretan lagunduko du ikastaroen ostean, eraikinak egoteko, berba egiteko, eskainiko duen espazioak: "Saiatu gara horretarako espazio egituratu bat ematen eta beheko espazioa ere bai, ikastaroen ostean hemen gelditu eta gaiaren inguruan berba egiten jarraitzeko. Ikastaroen inpaktua biderkatzea ekartzen du horrek askotan, bestelako sare batzuk ehuntzea eta beste espazio batzuetan ere lanketa egitea. Askotan, hemendik kanpo bakoitzak bere sarea du, eta espazio komun bat ere eskaini gura izan da bakardadeari aurre egiteko, elkartzeko".

Deseraikita eraiki

2018ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek emakumeen etxea egoteko beharra ote zegoen diagnosia egiteko eskatu zutenetik, herritarren parte-hartzearekin egin dute prozesu osoa; oinarriak jartzetik eraikinaren dekorazioraino Luzea, landua, irekia eta zaindua izan da. Ehun bat lagunek hartu dute parte prozesuan eta lortu dena balorean jarri gura izan du Arriolabengoak: "Bakoitzaren pertzepzioan irekiera handi bat suposatu du honek. Bakoitza etorri da ideia batekin, baina jende ezberdin asko elkartu gara eta elkar ulertuta, entzunda, konbikziotik egin baino, bestelako ideia bateratu bat izan da emaitza. Bakoitzarena deseraiki da eta besteenekin batera eraiki".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak