ALBISTEAK

"Lorategia izango da leku fisiko bat non gogoratuko garen Palestinar herriarekin"

Goiatz Arana Begiristain 2026ko maiatzaren 25a

Oñatik Palestina lorategia du domekatik; horrela izendatu zuten Kalegoienako berdegune bat, modu ofizialean. "Palestinar herriaren egoera eta sufrikarioa" gogorarazi gura izan dute izendapenarekin eta lotura bat sortu Oñatiko herriaren eta Palestinakoaren artean.

Palestinar herriarekin eta zapalkuntza jasaten dabiltzan beste herrialde batzuekin gogoratzeko tokia izango da Oñatiko alkate Izaro Elortzak adierazi zuenez.

Palestinaren ikur nagusia den olibondo bat landatu zuten bertan, eta euskaraz eta arabieraz Palestina lorategia irakur daitekeen plaka bat bistaratu. Txaloz, kantuan eta Palestina askatu oihukatuz erantzun zuten herritarrek.

Modu horretan, bukatutzat eman zuten azken egunetan egindako ekintza-sorta, eta balorazio positiboa egin dute Oñati Palestinarekin herri plataformako kideek: "Askotariko ekitaldi sorta egiten saiatu gara, kulturaren angelu ezberdinetatik eta egia esan guztietan jasotako harrera espero baino hobea izan da. Horrek erakusten du herriak daukan ekimena eta laguntzeko gogoa".

Oñatin bizi den Mustafa Walwil palestinarrak bere aldetik esker hitzak izan zituen: "Palestinarrontzat honek guztiak asko esan nahi du".

Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarrei  Loiuko aireportuan egindako harreran izandako istiluak ulertezintzat eta mingarritzat jo dituzte. "Penaz jaso dugu kausa honetan bultza egiteko larrua jarri duen jende hori ustez laguna garen herri honetara etorri eta lehen harrera hori izan izana. Ulertezina eta mingarria egiten zaigu", esan du herri plataformako kide Jon Garatek. Zentzu berean hitz egin du Izaro Elorza alkateak: "Uste dut herritar denak geratuko ginela hitz barik, ez genuelako inoiz esperoko Ertzaintzak horrelako jarrera izango zuenik".

Erlazionatuak

Oñatik Palestina lorategia du gaurtik

Goiatz Arana Begiristain mai 24, 15:49 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak